Tarima Beltzak "ama kemenei" eskainiko die biharko emanaldia

Guaixe 2019ko urt. 25a, 12:29
'Madres y Pasotas' antzezlanaren une bat. TARIMA BELTZA

Madres y Pasotas Dario Foren lanean oinarritutako antzezlanaren protagonista Maria da. Mariak dena uzten du bere semea laguntzeagatik. Azkenean, semea ere alde batera uzten du. Maria ama kemen bat da, Altsasuko auziagatik auzipetutako gazteen amak bezala. Hala ere, Altsasuko amek ez dute seme-alabal alde batera utziko. Hortaz, Tarima Beltza antzerki taldeak Madres y Pasotas antzezlanaren berreistrenatzea eginen du bihar, ilbeltzaren 26, larunbata, 19:30ean, eta Altsasuko amei eskainiko die.

Tarima Beltza taldeak hamar urte bete zituen 2017. urtean. Baina antzezlan berria mustu ez zutenez, iaz egin zuten urteurrenaren ospakizuna: Madres y Pasotas antzezlana estreinatu zuten. Maiatzan egin zuten emanaldia. Garai horretan hainbat ekitaldi egon ziren batera, Iruñean egindako Josefina Arregiren omenezko Ahanztura ikuskizuna kasu, eta horregatik Tarima Beltzako zale askok ezin izan zuten antzezlana ikusi. Beraz, "herriak eskatzen zuelako", antzezlana berreistrenatzea erabaki zuten.

Antzerki zikloa
Antzezlanaren berreistrenatzea urtero egiten duten trukeko zikloaren hasiera emanaldia izanen da ere. Hasieran zikloa hilabete batean egin zuten, baina duela urte pare bat urtean zehar egitea erabaki zuten. Hortaz, Madres y Pasotas antzezlana Iortia kultur gunean bihar egin ondoren, laster Garesen eta Mutiloan egonen dira ere. Martxoaren 2an, aldiz, Lizarrako Kilkarrak antzerki talde amateurra egonen da Altsasun La opera de tres centavos lanarekin. Castroko eta Abadiñoko antzerki taldeak etorriko direla ere aurreratu dute Tarima Beltzako kideek.

Emanaldi berezia
Madres y Pasotas antzezlana komedia bat da. Dario Fo antzerkigilearen La madre pasota bakarrizketan oinarrituta dago. Asun Abadek egin du adaptazioa. Komedia bat da, eta gaia ama kemen bat da. Baina, azkenean, protagonistak dena bere semeagatik utzi ondoren, bere bidea hartzea erabakitzen du. Altsasuk amen kemenei buruz asko daki, Altsasuko auzian deitutakoan auzipetutako gazteen amek kemena erakutsi dutelako bi urte luzeetan. "Estreinatu genuenean ama bat gerturatu zen eta esan zigun identifikatuta sentitu zela". Ezberdintasuna nabaria da: "antzezlana fikzioa da, hor dago komedia. Errealitatea da ez Altsasuko amek ez dutela paso egiten. Ez dute eginen".

Antzezlana berreistrenatuko zutela jakin zutenean Altsasuko auzia "nolabait" lagundu nahi izan zuten; hortaz, irabazitakoaren zati bat Altsasuko gurasoak-endako izanen da, kontuan hartuta, gainera, antzezlanaren gaia. "Dirua ematea ongi dago, baina hor gelditzen da". Beraz, zerbait gehiago egitea pentsatu zuten Tarima Beltzako kideek: ekimen xume bat eginen dute antzezlanaren emanaldiaren ondoren. Ventura Ruiz idazleak poema batzuk sortuko ditu, eta Iortian irakurriko ditu. Gainera, eskaintza txiki bat eginen zaie Altsasuko amei ere.

Erlazionatuak