Epaileen zain

Guaixe 2019ko urt. 24a, 20:07
Gurasoak eta auzira joan ziren altsasuarrak epaitegiaren aurrean. Argazkiak: @Altsasugurasoak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak Altsasuko auziko fiskaltzak, akusazioek eta defentsek aurkeztutako apelazioak aztertu zituen atzo. Jon Anderren eta Julenen sei lekuko berriren testigantzak entzun ondoren auzia epaiaren zain gelditu da. Badirudi epaia epe laburrean emanen dutela.

Zenbait pertsonen eta bi guardia civilen eta haien bikoteen artean Altsasuko taberna batean 2016ko lastailaren 15eko goizaldean gertatutakoa bigarrenez Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu da. Oraingoan apelazio aretoan. Aldeek aurkeztutako apelazioak aztertzeko bi egun aurreikusten baziren ere, saio labur bakarrean despeditu da dena. Auzipetuek Zaballako espetxetik eta Iruñeko espetxetik bideokonferentzia bidez epaiketa segitu zuten. Teknika arazoak izan ziren eta aretoz aldatu ondoren, 10:45 aldera sartu ziren aldeak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epai-gelara. Horrekin guztiarekin, auzi saioak bi ordu eta erdi inguru iraun zuen.

Aurreneko epaiketan lekukotza eman ezin izan zuten Jon Anderren eta Julenen sei lekukok (lau gizonezko eta bi emakumezko) euren testigantza eman zuten atzokoan. Gainera, Oihanek hainbat dei borratu zituela ziurtatzen da eta hark deitutako telefono zenbakien fakturak proba gisa aurkezteko aukera zuen bere defentsak atzo. Azkenik, Espainiako Gobernuak EH Bilduko Jon Iñarritu senatariari emandako erantzun bat ere epaimahaiak froga gisa onartu du. Gazteak zigortu zituen epaimahaiko buru Concepcion Espejeli Guardia Civilak emandako dominaz galdetu zuen Iñarrituk.  


Lekukoa, bizkarrez, testigantza ematen.

Lekukoak
Jon Anderren eta Julenen defentsek proposatutako sei lekukok euren testigantza eman zuten atzokoan. 2016ko lastailaren 15eko goizaldean tabernan izan zirenek adierazi zuten minutu gutxiko liskarra izan zela eta ez zela aldez aurretik prestatutakoa izan. Lekuko guztiek ukatu egin zuten Jon Ander Koxka tabernan ikusi izana liskarra hasi zen unean. Beste taberna batean zegoela gaineratu zuten. Bestalde, Julenek ez zuela inor kolpatu entzun zen atzo auzitegian. Lekuko batek azaldu zuenez, Oihan ez zen tabernatik kalera atera istiluen ondoren.

Guardia Civileko tenientearen bikotearen laguna zen lekuko batek azaldu zuen ez zuela erasorik ikusi, txupito baso batzuk jaurti zirela bakarrik. Kalera atera zenean, tenientea lurrean botata eta haren bikotea kuxkurtuta eta beldurtuta ikusi zituela. Emakumeari laguntza eskaini omen zion, baina uko egin ziola azaldu zuen. Biharamunean, sakelako telefonoarekin mezua bidali zion nola zegoen jakiteko, baina ez zion erantzun, eta, orduz geroztik, ez dute berriro hitz egin. Beraz, sei lekukoen testigantzek akusazioen kontakizuna kontraesanean jarri du, taberna barruan talde erasorik, irainik, beldurrarazterik eta indarkeriarik izan zenik ukatuz.

Fiskaltza eta akusazioak
Jose Luis Perals fiskalak auzipetuendako kartzela-zigorrak handitzea eskatu du. Mehatxu eta delitu terroristak egitea egotzita, 12 eta 62 urte arteko espetxe-zigorrak ezartzea eskatu zuen. Eta zigor alternatiboak ere proposatu zituen atzera ere: 6 eta 17 urteko zigorrak, terrorismo eta desordena publiko delituak leporatuta. Udaberriko epaiketan esan zuen moduan, zortzi auzipetuak “ETA erakunde terroristaren ideien eta estrategiaren oinordekoak dira”.

Fiskalak atzoko epaiketan ukatu egin zuen inolako “konspiraziori” edo “polizia-muntaiarik” izan zenik auzian: “Guardia Civilaren eta bi emakumezkoren kontrako atentatu baten aurrean gaude, ez ahaztu”. Testigantzei dagokionez, esan zuen Jon Ander beste tabernan egonda ere, hura “gertu dago eta joan zitekeen batetik bestera inork ikusi ez arren”. Eta gaineratu zuen lekukoetako batek polizia-muntaia salatzeko manifestazio batean parte hartu zuela. Hainbat lekukori galdetu zien horretaz.

Peralsek garrantzia kendu zien lekukotzei eta "auzipetuengandik gertukoak" direla ohartarazi zuen. Aldi, berean, esan zuen haien lekukotza “biziatuta” dagoela, udaberriko epaiketaren berri eta emandako lekukotzen berri dutelako. Gaineratu du lekukoetako batek polizia-muntaia salatzeko manifestazio batean parte hartu zuela. Bestetik, Estatuko abokatuarendako atzoko lekukotzak “funtsik gabekoak” izan ziren. Coviteren izenean herri akusazio gisa ari den Ruben Mugikak antzeko argudioak erabili zituen eta gaineratu zuenez, epaia eta denbora pasa arren Altsasukoa tabernako liskar gisa ikusten dela gaitzetsi zuen. Bi emakumezkoen ordezkaria den abokatua ez zen auzitegian izan.


Jaime Montero abokatua hedabideei adierazpenak egiten.

Defentsak
Julenen abokatuak Manuel Ollek nabarmendu zuen lekukotzek bere defendatua tabernan kokatzen dutela, baina ez zuela inor jo. Atzoko lekukotzak udaberrian entzundakoekin bat datozela azpimarratu zuen eta Julenen kontrako proba bakarra akusatuen lekukotzak direla gaineratu zuen. Fiskaltzak eta abokatuek atzoko lekukoen berri bazutela baina euren kontakizuna ez izorratzeko ez zituztela testigantza ematera deitu esan zuen. Eta manifestazioetara joatea eta egia esatea bateragarriak direla gaineratu zuen. Azkenik, Julenen absoluzioa eskatu zuen.

Jon Anderren abokatu Eva Gimbernat atzo emandako lekukotzetatik bi nabarmendu zituen, taberna barruan egon zirelako egun hartan. Lekukotzak “oso sendoak” direla nabarmendu zuen eta horiek frogatzen dutela Jon Ander ez zela tabernan egon liskarra izan zen unean. Abokatuak salatu zuen auzi osoa biktimen testigantzan oinarritu dutela, 15 lekukok esandakoak bazterrean utziaz. Udaberrian beste lekuko batek esandakoa gogorarazi zuen: Jon Anderrek ez luke auzipetuta egon beharko. Guztiagatik eta “munduko zalantza guztiak daudelako” hura absolbitzeko eskatu zuen.

Oihanen abokatu Jaime Monterok lehenik nabarmendu zuen bere defendatuak ez zuela whatsappik borratu, bere telefonoak aplikaziorako ez zela erabilgarria esan zuen. Eta gaineratu zuen telefonoan ez zuela ezer manipulatu eta auzipetuekin ez zela harremanetan jarri. Guardia Civileko tenienteak liskarraren aurretik eztabaida izan zuen bakarren batekin baina hura Oihan dela esatean okertu egiten dela esan zuen abokatuak. Monterok lekukoetako batek esandakoa nabarmendu zuen: Oihanek ez zuen gertakarian parte hartu, tabernaren barruko aldean hizketan zegoelako. Beste lekukotza batekin bat egiten duen deklarazioa dela nabarmendu zuen. Beraz, Oihanen parte hartzearen bertsioa indargabetzen du. Oihanen kontra dagoen froga bakarra salatzaileen testigantza dela eta absoluzioa eskatu zuen.

Iñakiren eta Aratzen abokatu Jose Luis Galanek adierazi zuen lekukoak lehen instantzian behar ez den bezala ukatuak izan zirela eta salatzaileen sinesgarritasun falta agerian gelditu dela. Iñakirendako eta Aratzendako absoluzioa eskatu zuen. Adurren abokatu Jaione Carrerak bere defendatuaren kontrako frogarik ez dagoela esan eta absoluzioa eskatu zuen. Gauza bera egin zuten Jokinen eta Ainararen abokatu Amaia Izkok, absoluzioa eskatu.


Antxon. Ramirez de Alda eta Gotzon Urritzola Jose Luis Galan abokatuarekin hizketan auzitegiaren kanpoko aldean.

Gurasoen balorazioa
Epaiketa hasi aurretik Altsasuko Gurasoak taldeko Bel Pozueta Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) izan zen eta lekuko eta proba berriak onartu izanaren inguruan esan zuenez, “bere garaian Jon Anderren eta Julenen defendatzeko eskubidea murriztu zuten, orduan ez lekukorik ez frogarik ez baitzitzaien onartu. Orain batzuk onartu zaizkie, baina ez denak”. Epaimahairen onarpen horri “ongi etorria” egin zioten gurasoek. Aurreko epaiketan “bai lekukoek bai frogek argi erakusten zuten hau guztia muntaia bat dela. Argi eta garbi ikusten zen, gainera, guardia civilen aldetik eta euren lagunek aurkezten zuten kontakizuna ez zeukala oinarririk. Atzokoarekin ildo hori indartu da. Lehen erakutsitakoa indartu dugu”. Gurasoen iritziz fiskaltzak eta akusazioak zabaldu duten talde-liskarraren kontakizuna bertan behera gelditu da.

Hala ere, epaitegirako bidea “beldurrez” egin zuten gurasoek: “beldurra, badakigulako Auzitegi Nazionala salbuespeneko epaitegia dela. Badakigu aurretik frogak eta lekukoak erakutsita ez zutela kasurik egin, ez zituzten kontutan hartu eta eman zuten epaiak Guardia Civilaren kontakizuna indartu zuen”. Beldur badira ere, “aukera bat ikusten dugu, benetan auzi honekin zuzenketa bat emateko, gure sufrimenduarekin eta bi urte luze hauetan bizi izan dugun injustiziarekin bukatzeko. Borondatea baldin badago”. Gurasoek presoen askatasuna aurreikusten dutela esan zuen Pozuetak Beleixe Irratian. “Hala ere, bakarren bat barruan geldituko balitz aktibazio sozialarekin segituko genuke. Hori gertatzen bada bai kalera bai beste epaitegira tinko eta indarrez joanen gara”.

Auzitegi gorena, Konstituzio Epaitegia eta Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegia dira auziak egin dezakeen ibilbidea. Aurrenekoan zortzi hilabete edo urte bateko ibilbidea litzake, azaldu du Pozuetak. “Orain ez dugu pentsatu nahi urtetan zer eginen dugun. Orain argi dugu eskatzen duguna eta exijitzen duguna honekin bukatzea eta gure semeen askatasuna”.

Altsasu Gurasoak taldeko kideak Madrilgo egonaldia epaiketan egoteko baino gehiagorako baliatuko dute. Pozuetak jakinarazi duenez, atzo eta gaur hainbat hitzordu dituzte, hedabideekin batez ere, “gure injustizia eta kontakizuna zabaltzeko eta gure lana egiten segitzeko”.

Adierazpenak
Nafarroako Ahal Duguko Mikel Builek ohar bidez adierazi zuen fiskalaren zigor eskaerak “zentzugabeak” direla. Builek espero du “ahozko epaiketan egon ez zen proportzionaltasuna egotea”. Ahal Duguko kidearen ustez, “justizia proportzionala ez denean, automatikoki justizia izateari uzten dio”. Bestalde, PPko Nafarroako buru Ana Beltranek kritikatu egin zuen Kataluniako Parlamentuko Roger Torrentek Altsasuko Gurasoen ordezkariak hartzea: “proces-aren eta Nafarroako batasunizazioaren ideologoen arteko ados jartzea erakusten du harrera horrek. Nafarroan Guardia Civila behartze, mehatxu eta erasoaren bidez bota nahi dutenen eta Katalunia gizarte hausturaren kale itxura eraman dutenen arteko ados jartzea eta elkarlana erakusten du”.