"Bi urtetako borroka baketsu honen beste adierazpide bat da". Izaskun Etxeberria Altsasukoak Aske literatur lehiaketaren antolatzailetako bat da. Bigarren urtez antolatu du Altsasukoak Aske herri plataformak literatura lehiaketa. Sari banaketa emanaldi "polita" antolatu dute ere otsailaren 15erako, ostiralerako. Iortia kultur gunean izanen da, 18:00etan, eta dagoeneko gonbidapenak hartu daitezke kultur guneko leihatilan.
Dani Martirena kazetari eta idazleak aurkeztuko du Altsasukoak Aske literatur lehiaketaren sari banaketa emanaldia. Sari banaketa ekitaldia baina zerbait gehiago ere izanen da; hortaz, egile sarituek haien lanak jendaurrean irakurriko dituzte. Gainera, Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano idazleek banatuko dituzte sariak, Altsasukoak Aske plataformako kideekin eta Altsau Gurasoak-eko aita-amekin batera. Musika ez da faltako: Ta Lauen musika taldeak emanaldia eskainiko du. Emanaldira joateko gonbidapenak Iortia kultur gunean lor daitezke.
Altsasukoak Aske literatur lehiaketan hiru sail zeuden: narrazio laburra, olerkia eta mikroipuina. Gainera, bi kategorietan parte hartzeko aukera zegoen: 18 urtera arte eta 18 urtetik aurrera. "Gazteei adierazteko aukera eman nahi izan diegu". Lanak euskaraz eta gaztelaniaz aurkezteko aukera zegoen ere. Ilbeltzaren 14an amaitu zen lanak aurkezteko epea eta epaimahaiak otsailaren 8an, datorren asteko ostiralean, jakinaraziko ditu irabazleak. Lietaratur lehiaketaren lehenengo edizioan, iaz, 54 lan aurkeztu ziren, "Euskal Herriko toki desberdinetatik iritsi ziren". Etxeberriak adierazi duenez aurten "espektatiba handiagoak" dituzte, lehenengo edizioaren ondoren.
Epaimahaia literaturarekin zerikusia duten sakandarrek osatzen dute: Castillo Suarez, Arantza Alava, Elena Arteta, Alberto Barandiaran eta Izaskun Etxeberria.