Presoen seme-alaben berri erakusketa bidez

Guaixe 2019ko urt. 31a, 17:30

Motxiladun umeak hondartzan egindako grabazio batean. Argazkia: Sare.

Motxila etorkizunez bete erakusketa Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai dago, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 16:00etatik 20:30era.

Sareren eskutik Altsasun ikusgai da presoen seme-alabek bizi duten egoera plazaratzeko erakusketa ibiltaria. Haur horien errealitatea eta egunerokotasuna islatzen du erakusketak. Hiru atal ditu. Haietako batean Joseba Beramendi, Exprai, ilustratzaileak egindako dozena bat marrazki daude. Irudigilea motxiladun umeen lekukotzak oinarri hartuta egin ditu marrazki horiek. Erakusketaren beste zati batek grafikoki hainbat datu ematen ditu panelen bidez: motxiladun umeak zenbat diren, zein adinetakoak, egin behar izaten duten kilometro kopurua, zenbat denbora pasatzen duten preso dauden gurasoekin... Azkenik, gune interaktiboa dago, kartzelako bisita bat irudikatzeko txokoa,  bere kristalezko manpara eta guzti. Bestetik, telefono dei baten esperientzia bizitzeko gunea eta puzzle bat osatzeko gunea. Gune bakoitzak dauka bertso bat, Alaia Martinek sortutakoa.