Kulturatik Altsasu eraikitzen lagundu duenetako bat

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko ots. 1a, 14:53

Luis Mari Lopez de Goikoetxea Sueskun plazako eskulturaren ondoan.

Errege Eguneko fara jotzea, zezensuzkoaren ardura, inauteriak, mendizaletasuna… Eta kintoen zortziko dantzaren irakaslea. Asko egindako gizonarekin dantzaz aritu gara, Luis Mari Lopez de Goikoetxea Sueskunekin.

Munduan toki batekoa, Altsasukoa. Identitate hori izatea harrotasuna da altsasuarrendako. Nortasun hori, neurri batean herriko dantzak eta ohiturak berreskuratu edota eraldatu dituen belaunaldi baten lanaren fruitua ere bada. Lan kolektibo horretan aritu diren herritar askotako bat da Luis Mari Lopez de Goikoetxea Sueskun. Altsasuarrek estimatzen dute. Horren adierazle da astearterako, Santa Ageda egunerako jaso dituen hainbat gonbidapen eta hainbat kintadek oroigarri gisa emandako zapi bilduma zabala.

Esan digunez, aurten ere kinto izan zirela 25. urteurrena egiten dutenek jarriko duten argazki erakusketa ikustera joanen da Gure Etxea eraikinera. “Denetarik entzuten dut. Eta denetarik esaten diet. Beti daude istorioak”. Astoarena kontatu du. Basamuturren bazkaltzen zeudela, astoa nagusiari bueltatu behar zitzaion, Zelai kaleko goiko aldean. Bi kintok eraman behar zuten astoa baina abereak ez zuen bidetik joan nahi. Kristoren erauntsia. Astoak larreetan barna zuzen joan zen eta besteak atzetik, jakina. Jatetxera bueltatu zirenean ez zitzaien ezta aurpegia ikusten, goitik behera lohituta zeuden. Arropaz aldatu behar izan zuten.


Luis Mari Lopez de Goikoetxea Sueskun aurkezpen batean.

Kintoen dantza entsegutara joaten zara?
Aurreneko astetan joan naiz. Eguraldi txarrarekin ez noa, etxean gusturago egoten da. Urtero moduan, denetarik dago kintoen artean. Batzuek ederki dantzatzen dute. Dantzarako grina dute. Eta beti daude makurrak direnak. Batzuendako konpromiso handia da, batez ere aurreneko egunetan. Dagoeneko hartzen ari dira. Nik ez diet ezer esaten. Urtetan egon naiz. Baina beti dago zuzendu beharreko zerbait eta irakasle berriei esan diet (Aitziber Etxaiz eta Maixa Lopez de Uralde). Zenbait gauza zuzendu ditugu. Ari dira. Ongi.

Estreinakoz emakumeak irakasle.
Joan den urtean aipatu zidaten Beramendik eta Claverrek. Oso ongi iruditzen zait. Aintzindari dantzari taldean aritutakoak dira. Poztu nintzen. Zuzen eramanen dituzte. Dagoeneko ikusten da. Zortzikoa ahalik eta hobekien dantzatu dadin ekarpen handia eginen dute. Baita neska-mutilek interesez aritzeko ere.


Luis Mari, eskuinean, 2007ko kintoen buruzagi zozketa egin ondoren.

Jende asko joaten da kintoak dantza entseguetan ikustera. Garai batean ere?
Bai. Eguraldi txarrarekin, gainera, jendea biltzen da. Aurten gauza on bat dute, berogailua. Aurreko urteetan berotzeko dantzatu beharra zegoen.

Non entseatzen zen?
Frontoia dagoenetik han entseatzen da. Ni txikia nintzela Mareo taberna parean bizi nintzen eta handiagoak ziren eta Santa Ageda egiten zuten aldamenek Domingo Lumbier eskolara eramaten ninduten. Eskola pasabideetan entseatzen zen, alde batetik bestera. Nik han ikasi nuen zortzikoa. Santa Ageda egin genuenean Demetrio Urizarrek dantza erakutsi zuen azken urtea izan zen, 1968an. Nik dantza nekien, baina ordenarik gabe. Santa Agedetarako guztia nekien. Demetriok makila, opilak, nola eskatu, nora joan… Dena zekien eta xehetasunak hartzen zenituen.

Hori guztia mantentzen da?
Bai. Ez arropa ez ezer ez da aldatu. Gauza bakarra, gaur egun kaikuak daude. Oso ongi dago. Baina lehen inork ez zuen kaikurik eta otsaileko hotzetik babesteko domeketako txaketa janzten zen, kinto-eskean ibiltzeko. Eguraldi ona bazegoen zapiak agerian eta kitto.

Zenbat urterekin izan zinen kinto?
20 urterekin egiten nuen, hurrengo urtean soldadutzara joateko.


Luis Mari 2003ko kintoei dantzan erakusten.

Zu noiz hasi zinen zortzikoa erakusten?
Soldadutzatik bueltan. 31 eguneko baimen ofiziala eman eta etxera bidali gintuzten. Bitxia izan zen. Kuartelean geunden eta lehenago lizentziatuko gintuztenaren zurrumurrua zabaldua zegoen. Iruñeko kuarteletan geunden azkenak ginen. Artillerian nengoen. Mandoak garbitzen geundela beterano guztiak hots egin gintuzten. Gure baitan esan genuen: nahaste-borrastea, ziur! Eta esan ziguten: bihar kalez jantzita etorri behar duzue. Ederra egin genuen gau hartan!

1969ko Santa Agedako zozketarako etorri nintzen. Javier Martinez eta Pedro Espinosa, erregea eta erregeordea, etxera etorri ziren zortzikoa erakusteko eskatuz (aurten 50. urteurrena ospatuko dute). Ordurako dantzariekin eta Enrike Zelaiarekin dantzan nenbilen. Nik helduagoengana jotzeko esan nien: Jose Elizondo, Demetrio Urizar… Azken horrek ez zuela eginen banekien. Gurekin utzi zuen. Aurreneko egunean frontoira joan nintzen eta Jose Elizondo agertu zen. Eta esan nion: Jose, edo zu edo ni. Ni gelditzeko esan zidan. Aste bat niri hitz egin gabe egon zen. Behin esan nion ea Santa Agedakoagatik izan zen. Gero hitz egiten hasi eta entseguetara joaten hasi zen, begiratzera.

Zortziko irakasle zinela kintoei plazatik elurra kentzea askotan tokatu zaie?
Askotan. Ez zuten frontoira joan nahi. Guk egin genuenean, 1968an, frontoira joan ginen euri erauntsia zegoelako. Ez zegoen jenderik. Bestela, Martin Uhalde zenak udalaren behorrarendako eskubara zuen eta harekin kendu eta plazan dantzatu. Jendeak ez zuen frontoian dantzatu nahi.

Zenbat urtez egon zinen irakasle?
1969tik 2008ra. Azken urte hori barne. 40 urte.

2003ko kintoei dantzan erakusten.

Dantza irakasle erretiroa hartzean zer sentitu zenuen?
Hori guztia barruan daramazu. Bizi guztia dantzan eman dut: dantza taldeekin, dantzari txikiekin eta handiekin, Enrike Zelaiarekin 10 urtez. Horrek mantentzen zaitu.

Estimulua kendu edo erreleboa emateko garaia zen?
Lekukoa pasatzea. Iruñean gaixo nengoen. Juan Cruz Bengoetxea, Piloto, eta Andoni Beramendi izanen zirela esan zidaten. Aukera ona zela iruditu zitzaidan, dantza taldean aritutakoak baitziren. Bengoetxea biok Zelaiarekin 3 edo 5 urte dantzan aritu ginen. (Gaixo) bi urte egon nintzen eta dena utzi nuen. Galderak egiten zizkidaten eta erantzuten nien.

Zu kintoen dantza irakaslea zinela plazan dantzatzetik ez dantzatzera pasa ginen.
Elkarrizketatu nauten bakoitzean esan dut dantzarako, jotarako, porrusaldarako eta denetarako eskolarik onena plaza izan dela, bai Altsasun baita herri guztietan. Plazan denok ikasi dugu, akademiarik onena da. Dantza talde batean sartzen bazara, taldera batu eta dantza egin behar da.

Beraz, plaza dagoenean dantzari onak daude, ez dagoenean, ez daude.
Nabari-nabaria. Festetako larunbatetan nabari zen. Dantza lotua plazan egiten zen eta, jakina, gero Paraison (Altsasuko diskoteka bat).

Garai batean kintoen artean zortzikoa ongien dantzatzen zuenari saria ematen zitzaion, ezta?
Enrike Zelaiaren burutazioa izan zen zortzikoa hobekien dantzatzen zuenari trofeoa ematea. Ez dakit zein urtetan izan zen. Ideia ez zen nire gustukoa. Nire nahia zen benetako dantza izatea, baina ez sariagatik ez ezergatik, soilik Santa Ageda zelako. Argi esan nuen ez nuela ideia gustuko. Hizketaldiak izan ziren eta urte hartan egin zen. Ez zen errepikatu. Kintoekin hitz egin genuen eta denak ados zeuden ez zela saririk egon behar. Horretarako zeuden entseguak. Gero plazan norberak onena eman zezala.

Zu irakasle hasi zinenerako dantzarako giroa bazegoen herrian, ezta?
Bai. Gu mendizale handiak ginen. Gure Etxea elkarteko mendi atala. Behin Alegiara joan ginen, txistulariekin, Juan Pablo Urizar tartean. Han Tomas Iraolarekin hizketatu ginen. Alegian dantza taldea utzia zuten eta Altsasura etorri zen larunbatetan. Dantzei buruzko hitzaldiak eman zituen. Eta dantza talde majo bat sortu genuen. Entseguak Gure Etxea eraikinean ziren. Hil arte gurekin urte pila izan zen.

Harekin zer ikasi zenuten?
Gipuzkoako dantzak batez ere. Ondoren inguruko dantzak, zortzikoa, inauteriko dantza, Bizkaiko dantzaren bat. Iraolaren ondoren haren eskolakoa zen Jesus Mari Garate etorri zen. Altsasuko baten iloba zen, hona etorri eta Aintzindari dantza taldera arte egon zen dantzan eta irakasten. Irakasle ona zen hura ere. Dantza asko zekizkien.

Gure Etxeako dantza taldearen aurretik talderik izan zen?
Dantzari txikiak, Gure Etxeko dantzari taldea. Aitziber eta Maixa 8 urtetxorekin dantzatzen zeuden. Eskoletan eta mojen ikastetxean, arratsaldeko klaseak bukatu ondoren, dantza ordu bat ematen nuen. Eta taldea sortu zen, 200 bat neskato eta mutiko. Urte batez, festetan, guztiak dantza erakustaldi batera atera nituen. Ilara ikusgarria. Guztiak baserritarrez jantzita. Hala taldea sortzen joan zen. Altsasuko dantzari taldea sortu zen Villareal eta hauekin guztiekin. Aurten kintoen 50. urteurrena egiten dute. Aintzindari dantza taldea etorriko zen ondoren.

200 haur gobernatu beharra dago!
Kasu egiten ziguten, ikastetxe bakoitzean talde bat zegoelako. Eta festetan denak elkarrekin. Amek laguntzen zuten. Luze aritu ginen horrela.

Gure Etxea, Altsasuko eta Aintzindari dantza taldeetan izan zara?
Bai.

Gaur egungo Etorkizuna dantza taldea.  
Iñaki Agirre Larraza ongi ari da.

Saioak ikustera joaten zara? Zer iruditzen zaizkizu?
Ez dut bat galtzen. Koreografia desberdinak dira, baina onak. Asko poztu ninduen azken emanaldia Jesus Mari Garateren omenez izatea. Garatek Enrike Zelaiaren Hator, hator piezarekin dantza sortu eta erakutsi zigun. Hura dantzatu zuten. ETBn ere ikusi dut, duela gutxi omendu dutelako.


Luis Mari ezkontza batean dantzatzen, elizan, 1978an.

Enrike Zelaiarekin han eta hemen aritu zinen dantzan, berak zioen moduan: euskal showa.
10 urtez aritu nintzen (70eko hamarkada). Bi dantzari bikote joaten ginen berarekin. Patxi Goikoetxea eta biok hasi ginen. Bera dantza taldeko kide eta dantzari txiki taldearekin izana, ni baino askoz ere lehenago egon zen. Enrikerekin batera dantzan egon ziren Maribel Zornoza, Gurutze Arregi, Maria Jesus Bengoetxea eta Margari Iglesias. Zelaiarekin Euskal Herri guztian barna ibili ginen, asko. Dena betetzen genuen. Bilboko Albia koliseoan ere aritu ginen. Gogoan dut bi egun lehenago Zelaiak esan zidala sarrera guztiak salduak zeudela. Orduan Juan Cruzek ere dantzatzen zuen. Ez da gauza bera kalean edo halakoetan, itxian, dantzatzea. Ez zenuen begiratzen, jakina.

Joan-etorri horietan zuk eta Zelaiak hainbat bat gauza makinatuko zenituzten…
Beno… Inauteria bion artean biziberritu genuen. Jakina, askoz ere jende gehiagoren laguntzarekin. Dantza taldea eta horiek guztiak. Momotxorroen dantzari Zelaiak jarri zion musika. Gasteizen dantza egiteaz Zelaiaren Seat 850 autoan bueltatzen ginen batean esan zidan: hau da kanta. Eta kantatzearekin batera autoaren bolantea batera eta bestera mugitzen hasi zen. Eta esan nion: Enrike, hilko gaituk! Frontoian entseatzen hasi ginen inauteri dantza. Zortzikoaren antza du. Dantza taldekoek entseatu genuen. Irakasle aritu nintzen ere. Hor segitzen du dantzak.  

Inauteriak biziberritu zenuten urte berean sortu zen Momotxorroen dantza?
Zerbait falta zela iruditzen zitzaigun eta osatu beharra zegoen. Bigarren urtean izan zen. Zelaiaren burutazioa.

Eta inauteriak biziberritzearena, nolaz?
Zelaiak inauteriak egin behar zirela esan zuen. Hizketan hasi eta… Adarrak, odola… Nondik sortuko ditugu? Adinduei galdetzen hasi ginen: astakeria hura berriro? Egiteko gogoa zuten, baina aldi berean: berriro hura? Hala hasi ginen. Egin behar zela erabaki eta gaiarekin genbiltzan batzuekin koadrila bat bildu eta atera zen.

Gasteizko hiltegian zegoen Morcilloren bidez hildako abereen adarrak lortu genituen. Udaletxeko ezkaratzean zabal-zabalik utzi genituen. Bulegoetara joateko jendeak handik pasa beharra zuen eta hiltegitik ekarri berri ziren ondu gabeko adar haiek kiratsa handia zuten. Ahoa eta sudurra eskuz estalita igo behar izaten zuten. Zer dago behean, ba? Ez dakit zein zen orduko alkatea. Jaitsi eta kiratsa nondik zetorren ikusi zuen. Martin Uhaldek bidoiak eman eta San Pedrozelaian adar guztiak egosi genituen. Hala hasi zen saltsa guztia.

Nola bururatu zitzaizuen fara-joleena antolatzea?
Lehen bakoitza ahal zuen moduan ateratzen zen. Farak ez zituenak pote batean harriak sartu eta aurrera. Zelaiak esan zidan hura egiten hasi beharko genukeela. Liatu ninduen eta ekin genion. Anjel Otxoa Mateo ere. Ni baino helduagoa zen, mendizalea ere. Haurrekin korrika egin behar genuen. Pasada ederrak izan dira! Norte erlojudendakoari opilean sartzeko zilarrezko fara egiteko eskatu genion. Aurreneko urtean okertu eta txilina egin zuen. Baina geroztik fara egiten du.

Ideiaren bat gauzatzeko gelditu zaizue?
Ez dakit. Berriren bat ateratzen bada, ikusiko dugu. Akaso ferietarako utziko dugu (barrez).

Altsasutik kanpo dantza irakasle aritu zara ere.
Etxarri Aranatzen, Andra Mari ikastolan, hiruzpalau urtez aritu nintzen. Itziar, Feli eta Txelo urdindarrekin. Baldintza bakarrarekin. Etxarriko mendizaleak lagunak nituen eta haietako bati dantzakia erakusteko eskatu nion. Ezetz, hura Etxarrikoa zela eta ez zidaten erakutsi. Benetan. Dantza ikusiz ikasi nuen, baina, jakina, ezta bururatu Etxarrin dantzatzea. Urdiainen ere nahikotxo ibili ginen.


Bakaikuko jubilatuen bazkarian dantzatzera joan nintzen Jose Andres Sanchez txistulari etxarriarrarekin. Ondarra konposatzailearen iloba bat etorri eta Bakaikuko zortzikoa ikas nezala nahi zutela esan zidan. Inork ez omen zekien. Bere etxeko estarbian sartu ninduen, gutxi gorabehera doinua kantatu. Ondoren, Zelaiarekin hizketatu eta Bakaikuko zortzikoa lortu zuen. Sanchezekin batera Bakaikun entseatzen hasi ginen. Talde ederra sortu zen. Gaur egun dantza dantzatzen da, mantentzen da. Altsasuko Sociedad Deportivako Etxeberria atezaina guztiaren arduradun gelditu zen. Omenaldia egin zidaten 40 urteurrenekoan. Ez dakit zenbat daramaten zortzikoa dantzatzen.

Ezkontza askotan dantzatutakoa zara?
Pila bat. Batak eta besteak euren ezkontzan dantzatu nezakeen galdetzen zidaten. Lehenik, mezan dantzatzen nuen, ondoren elizaren kanpoko aldean eta, azkenik, bazkaldu ondoren. Nere anaiaren koinatuaren ezkontzan dantzatu nuen estreinakoz. Antonio Espinal apaizak mezan ezin zela dantzatu esan zidan. Txistulariarekin batera korura igo nintzen. Bergerarenean arropaz aldatu nintzen (txuriz jantzi) eta elizatik sakristiara sartu nintzen. Eta koruan zegoen txistulariari keinu egiterakoan jotzen hasi, ni sakristiatik atera eta dantza egin nuen. Apaizak eliz barruan dantza egiten ikusten zuen aurreneko aldia zen. Ondoren azaldu nion zer zen aurreskua, erreberentzia. Gustatu zitzaion eta ez zuen trabarik jarri.

Eta kalean eta bazkaldu ondoren zer dantzatzen zenuen?
Kalean Pello Joxepe edo dantza arruntetako bat. Bazkalostean, jota pare bat. Jakina, nire albiziora. Bakarrik, nire kasa. Bueltekin eta halakoekin gauza harrigarriak egin eta jendea pozik. Hori niri berez ateratzen zitzaidan: bazkaldu ondoren, behintzat, detaileren bat izan beharko dut.


Luis Marik joan den urtean festetako hasierako etxajua piztu zuen.

Dantzaren bidez herritar asko altsasuar sentiarazi duzue.
Bai. Jende asko. Extremadurakoak eta bazter guztietakoak. Jendea sartzen zen eta kitto. Ez da inolako eragozpenik izan.

Ohituren eta kulturaren arloan zuk eta beste hainbatek egindako lanagatik Altsasu gaur egun den modukoa da.
Kaletik zoazela jendeak esaten dizu: zuei esker… Eskerrak ibili zaretela… Zeren gaur egun Altsasu hilik dago. Etorkizunaz aparte, ez dago. Etorkizuna dantza taldean mutilik ez egoteak, horrek pena eman zidan. Eta nahiko lan egiten du dantza taldeak.