Eusko Legebiltzarrak epaia irmoa izan arte Altsasukoak aske uztea eskatu du

Guaixe 2019ko ots. 14a, 09:25

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordearen bilera bat. Argazkia: www.legebiltzarra.eus

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek onartu zuten adierazpena.

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean Altsasuko auzia aztergai izan zuten eta legez besteko proposamena onartu zuten EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta PSEren eta PPren aurkakoekin. Onartutako idatzian Eusko Legebiltzarrak “Altsasuko gazteek presondegian dagoeneko eman duten bolada luzea kontuan hartuta eta zigorrak gehiegizkoak direla ikusita, kartzelatik atera ditzatela zigorturik dituztenak epai-bideak bukatu arte”.

Bestetik, Eusko Legebiltzarrak bere babesa adierazi dio “Altsasuko bakearen eta bizikidetzaren alde”. Erakundeak “epaileen erabakiak errespetatuta ere, ez dago ados Altsasuko gazteen kausa Auzitegi Nazionalaren jurisdikzio berezira aldatu izanarekin, eta kezkaturik dago, zeren eta litekeena da instrukzioak, ahozko ikustaldiak eta epaiak berak defentsarako eskubide legitimoa urratu izana, Amnesty Internationalek eta halako beste erakunde batzuek salatu duten bezala”.

Atzo onartutako legez besteko proposamenean Eusko Legebiltzarrak hainbat eskubideren defentsa egin zuen: errugabetasun presuntzioa, segurtasun juridikoaren eta legezkotasunaren printzipioa eta indibidualizatzeko, erabakitzeko eta zigorraren neurrikotasunerako eskubideak. Orobat arbuiatzen dugu eta gehiegizkoa iruditzen diskriminazioaren astungarria aplikatu izana”. Aldi berean, Eusko Legebiltzarrak “Altsasuko udalerriaz eman den irudi desitxuratua” arbuiatu du, “oso urruti” dagoena “udalerri plural horren egiazko itxuratik, non diferenteak elkarrekin normal bizi diren egunerokoan. Alde horretatik, balioan jarri nahi dugu gertaerok ikusita herritarrek hartu duten jarrera”.