Sutea Alde Zaharreko etxe batean

Guaixe 2019ko ots. 15a, 10:29

Suteak ez zuen inor kaltetu, baina etxebizitzan kalte handiak eragin zituen.

Altsasuko Foru plazako etxe batean sute piztu zen atzo 18:00ak aldera, antza tximinian. Etxearen beheko partean taberna bat eta hizkuntza akademia bat daude eta haien gainean etxebizitza bana. Sutea teilatuko gailurraren edo kaldorraren ezkerreko aldean piztu zen, taberna gainean. Beste etxebizitza hustu zuten suhiltzaileek eta inguruko gas sarea moztu. Egurrezko egitura du etxeak eta hego haizea jotzen zuenez, erraz zabaldu zen.

Sua itzaltzera lehenik Altsasuko parkeko suhiltzaileak joan ziren. Haiek Cordovillako parkeko, Aguraingo eta Ordiziako suhiltzaileen laguntza izan zuten. Lau kamioi elkartu ziren, haietako bi eskailerekin eta haietatik ura botaz aurre egin zioten suari. Gero barrura sartzeko aukera izan zuten. Suhiltzaileek euren lana 10:30 alderako despeditu zuten. Inguruan DYAko eta Foruzaingoko kideak izan ziren. Azken horiek dute ikerketaren ardura.

Kedarra inguruko herrietatik eta Altsasu bertatik ikus zitekeen eta horrek erakarrita makina bat jende gerturatu zen plazara, suhiltzaileak lanean ikustera.

Erlazionatuak