Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontuetan zortzi langabeturen kontratazio egitea jasotzen du. Udalak horretarako Nafar Lansareren 38.430 euroko diru-laguntza jasoko du. Kontratatuko dituzten zortzi pertsonak interes orokorreko edo sozialeko lan eta zerbitzuak eginen dituzte bost lanpostuetatik. Kultur laguntzailea liburutegia goizez zabaltzearen ardura izanen du. D mailari dagokion lanpostua izanen da, 8 hilabetetako behin-behineko kontratuarekin eta % 68,17ko lanaldiarekin. Baldintza orokorrak betetzeaz aparte, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko titulua eta euskarazko C1 jakite-maila edo horien baliokideak eskatzen dituzte.
Administrazio laguntzaile lanpostua D mailakoa da ere. Bere kontratua urte erdikoa izanen da, baina lanaldi osokoa. Zerbitzu Orokorrean, udaletxean, lan eginen du, hainbat arlotan trebatzera joanen den langile bat ordezkatuz. Lanpostu horretarako aurrekoaren baldintza berak eskatzen zaizkie interesa dutenei.
Altsasuko Udalak bete nahi dituen pintura eta lorezaintzako ofizial lanpostuak D mailakoak dira. Kontratatutako bi pertsonak sei hilabetez lanaldi osoan ariko dira udalaren obra eta zerbitzu lantaldean. Azkenik, udalak lau peoi kontratatuko ditu. D mailako kontratua eginen zaie urte erdirako, lanaldi osoan, eta udalaren obra eta zerbitzu lantaldean lan eginen dute. Azken sei lanpostu horiek bete nahi dituztenei baldintza orokorrak betetzearekin batera, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko titulua eskatzen zaie. Deialdiaren baldintzetan jaso denez, ez dituzte kontratatuko aurreko urtean udalarendako hiru hilabetez edo gehiagoz lan egin duten pertsonak.