Folio zuri batek elkartasuna adierazten duenean

Guaixe 2019ko ots. 22a, 13:29
Altsasukoak Aske II. literatur lehiakearen sarituak, sari banaketaren aurkezleen eta parte hartzaileen talde argazkia.

Altsasukoak Aske bigarren literatur lehiaketaren sari banaketa izan zen aurreko ostiralean Iortia kultur gunean. Literatur emanaldia ere izan zen. Elkartasuna eta askatasuna izan ziren parte hartu zuten idazleen lanen gai nagusiak

Iortia kultur gunearen aretoan "dar-dar bat" sumatzen zela esan zuen Dani Martirena ETBko kazetariak eta idazleak. "Elkartasunak normalean dar-dar hori izaten du". Martirena ostiralean egin zen Altsasukoak Aske herri plataformak bigarren urtez antolatutako literatur lehiaketaren sari banaketaren aurkezlea izan zen, Izaskun Etxeberria irakasle eta idazlearekin batera. Literatur emanaldia Adur, Jokin eta Oihan preso daudela 824 egun eta Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen 245 egun espetxeratu zituztela betetzen zirenean egin zen. Hortaz, "hitz bakar batek adierazten du ekitaldi honen funtsa: aske".

Aurkezleek esan zuten moduan, literatura inguratzen gaituen errealitatearen zatien inguruan hitz egiteko artea da. Eta kontakizunaren hasieran, folio zuri bat dago, edo, gaur egun, pantaila zuria. Ahal dena adierazteko toki txuri bat. Altsasuko Aske literatur lehiaketara aurkeztutako idazleak folio zuria baliatu zuten elkartasuna adierazteko, askatasuna eskatzeko, amorrua azaleratzeko, mundua ulertzeko, zauriak sendatzeko, edota "Altsasuko gazteak aske izan behar direla aldarrikatzeko". Folio zuri "xume" baten izateko arrazoia argi gelditu zen.

Aske hitza
Folio zuriaren aurrean egotea "ederki dakite" Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi idazleek. "Euskarazko literaturan merezitako tokia" duten idazleak literatur lehiaketaren sari banaketan egon ziren. Altsasu Gurasokoak-eko kideekin batera sarituei sariak eman ez ezik, euskal idazleek aske hitzarekin idatzitako testuekin poema sortu zuten, eta emanaldian irakurri zuten: "Zuen askatasuna behar dugu gauza guztiak, gauza zailak, elkarrekin egiten jarraitzeko. Gure herriaren gorputz galdua bilatzea, esate baterako".  

Sari banaketa ekitaldi xumea izango zela esan zuten aurkezleek, "baina handia ere bada gaurkoa". Altsasukoak aske bigarren literatur lehiaketara 36 lan aurkeztu dira, 20 euskaraz eta 16 gaztelaniaz. Euskal Herriko txoko askotatik iritsi dira lanak: Iruñea, Atarrabia, Altsasu, Etxarri Aranatz, Ziordia, Leitza, Arruitz, Tafalla, Ezpeleta, Pasai Antxo, Oiartzun, Donostia, Tolosa, Elgeta, Oñati, Gasteiz eta Munitibar. Saria jaso ondoren, sarituek haien lanak jendaurrean irakurri zituzten.

Elkartasun sariak
Altsasukoak Aske bigarren literatur lehiaketan hiru modalitate zeuden: narrazio laburra, poesia eta mikroipuinak. Euskaraz eta gaztelaniaz izan zitezkeen ere. Gainera, bi kategoria bereizten ziren: 14 eta 18 urte bitartekoak, gazteak, eta 18 urte aurrekoak. Epaimahaia Castillo Suarez filologoa eta idazleak, Alberto Barandiaran kazetariak, Izaskun Etxeberria irakaslea eta idazleak, eta Arantza Alaba eta Elena Arteta liburuzainek osatu zuten.

Elkartasuna eta askatasuna izan ziren literatur lehiaketaren sarituen gai nagusiak. Hala ere, horiek adierazteko hamaika modu daude: amorrua, zirrara, ironia, umorea... Narrazio laburreko euskarazko modalitatean Joxe Aldasoro Jauregik etxarriarrak jaso zuen lehenengo saria Kondenatuak lanarekin. Narrazio laburrean Eta egia balitz testuak jaso zuen bigarren saria, Leire Gorostiza Etxeberria iruindarrarena. Gaztelaniazko modalitatean Mari Izkue Apestegia iruindarraren Del siete a la libertad narrazioak irabazi zuen lehenengo saria, eta, bigarren, Naiara Puertas Canton donostiarrak jaso zuen Acuartelados testuagatik. Gazteen kategorian Alex Santano Alvaro altsasuarrak Ekaitza lanagatik jaso zuen saria. Bere amak hartu zuen saria.

Joxe Aldasoro Jauregi etxarriarrak beste sari bat jaso zuen Mikroipuinak euskarazko modalitatean Atze-oihala lanagatik. Mikroipuinetan bigarren saria Ezpeletako Zuriñe Otxoa San Romanek jaso zuen Aldrebeskeriak mikroipuinagatik. Otxoa ez zen emanaldian egon eta bere lehengusinak hartu zuen saria. Gazteen kategorian Pasai Antxoko Nora Gondat Unzaloen Frutategi ustela lanak irabazi zuen lehenengo saria, eta Aratz Fernandez de Pinedo Irastortza gasteiztarraren Larrialdia lanak jaso zuen bigarrena. Gaztelaniazko mirkroipuinetan Aitor Iragi Eraul iruindarraren Esperando la verdad lanak jaso zuen lehenengo saria, eta Desinformacion y aislamiento. Abajo los muros de las prisiones Javier Bergara Bergera altsasuarraren testuak jaso zuen bigarrena. Bergarak performance-a egin zuen bere lana aurkezteko.  

Poesia euskaraz modalitatean Maite Iribar Argote oiartzundarraren Amari poema sortak jaso zuen lehenengo saria. Bigarrena Atarrabiako Igor Martinez Aisaren Gutaz ahaztu ziren lanak irabazi zuen. Gaztelaniaz Ana Larraza Erdozia altsasuarraren La vieja Sakana poesiak jaso zuen lehenegoa eta bigarren saria Leitzara joan zen Garbiñe Sagastibeltza Lizarragaren Disfraces lanarekin.

Hainbat saritu literatur lehiaketan ezagunak ziren, izan ere, lehenengo edizioan ere jaso zuten saria. Joxe Aldasoro, Alex Santano, Aitor Iragi, Aratz Fernandez de Pinedo, Ana Larraza eta Garbiñe Sagastibeltza idazleek iazko edizioan parte hartu eta sari bat jaso zuten ere.