UPNk eta PPk aurtengo hauteskundeetara elkarrekin aurkeztuko direla iragartzeko ekitaldia egin zuten Iruñean atzo. Horren ondoren Pablo Casado Eduardo Indarekin batera Altsasurako bidea hartu eta Koxka tabernan 10 minutuko elkarrizketa grabatu zion, nagusiaren baimenik gabe.
Geroa Baiko parlamentari eta Nafarroako EAJko buru Unai Hualdek salatu zuenez, Casadok, Beltranek eta Indak “Altsasu estigmatizatzen segitzen dute” eta hiruen jarrera “lotsagarritzat” jo zuen. Hirukoaren jarrera “arbuiagarria” dela esateaz aparte, Altsasura etorri izana “oportunismo politikoa eta botoak ateratzeko modu zekentzat” jo zuen. EH Bilduko Bakartxo Ruizek UPNren bazkide diren PPko kideek, Beltran eta Casado buru, Altsasun sortu nahi duten “probokazioa eta krispazioa” salatu zituen. Eta gaineratu zuenez, Ana Beltran Altsasura joateko Nafarroako Parlamentuko Gizarte Eskubideen Batzordera ez zela joan. Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile Mikel Builek Casadok eta Beltranek Altsasun egin zutena “show” gisa kalifikatu zuen eta gaineratu zuen: “terrorismoaren banalizazioa eta probokazioa, zazpi gazte kartzelan segitzen duten bitartean, haietako hiruk 2 urte pasa daramate preso”.