Casado Koxkan

Guaixe 2019ko mar. 6a, 15:16

Ana Beltran eta Eduardo Indarekin egon da. Azken horrek elkarrizketa egin dio popularren presidenteari tabernako jabearen inongo baimenik gabe.

PPko presidente Pablo Casado eta Nafarroako PPko buru Ana Beltran eta alderdiko hainbat kide, Eduardo Inda eta hiru kamera, 15 bat bizkartzainekin batera Koxka tabernan sartu dira 14:15 aldera. Mahai batean jarri dira eta Indak Pablo Casadori 10 minutuko elkarrizketa egin dio. Beltranek adierazi duenez, hedabide batek eskatuta egin dute elkarrizketa, “edozein tokitara joateko askatasunari balioa emateko”. Eta, bide batez, “guardia civilei babesa ematera”. Hauteskunde deialdi bikoitzaren dagoela eta Altsasuko auziko bigarren epaia ateratzear dela etorri dira.

Tabernako jabea une horretan etxean zegoen. Guztiaz gaztigatu dutenean, tabernara joan da, ez baitzekien etorriko zirenik, eta baimenik ere eskatu ez diotelako. Sartzean, badaezpada kanpoko hesia itxi du. Casadoren prentsa arduradunarengana jo du zertan ari ziren galdezka eta alde egin zezatela eskatu die, bazkal garaia zela argudiatuz. Casado ezer esan gabe alde egin du. Indak erantzun dio: “toki publikoa da eta lasai asko graba dezakegu”. Hesia zabaldu eta berehala joan dira denak, 14:50ak aldera. Bentaldeko bidegurutzean Casado autotik jaitsi eta han zen guardia civilaren agente bat eskua emanez agurtu du “viva la Guardia Civil” esanez.

Guardia Civilaren patruila bat Gartzia Ximenez eta San Juan kalearen bidegurutzean egon da ordu erdi lehenagotik eta zenbait auto geldiarazi dituzte. Bisitariak zeudela eta gazte batzuek argazkia egin dutela eta haiengana ere jo dute. Bisitariak joatean alde egin du patruilak. Hainbat herritar gerturatu dira Koxkara, ez dute begi onez ikusi gertatutakoa. Altsasuko Gurasoak taldeko bi kide iritsi direnean bisitariak alde egiten ari ziren.

Altsasuko auzia eragin zuen liskarra izan zenetik, 2016ko lastailaren 15a, Koxka tabernan Falangek mehatxu pintaketa egin zuen, ezkutuko kamerekin sartu dira, “gorrotoaren taberna” gisa izendatzen zuten erreportajeak argitaratu dituzte, denetariko deiak jaso dituzte tabernan. Horregatik, txaponekin zebilen telefonoa kendu zuten.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek txio bidez esan duenez, “edozein pertsona Altsasura libreki etortzea defendatuko dut. Hori bai, sekula ez dut defendatuko eta beti salatuko dut Altsasuz zenbait formaziok egiten duten hauteskunde erabilera, gaur PPk egin duen moduan. Herria eta herritarrak errespetatzea exijitzen dut”.

Bitan
Pablo Casado Altsasun egon den bigarren aldia da. Joan den urteko garagarrilaren 24an Altsasuko Guardia Civilaren kuartelaren parean ekitaldia egin zuen, artean PPko presidente izateko hautagaietako bat zela eta bere kanpainako ekitaldi baten barruan. Bestetik, España Ciudadana plataformak deituta Foru plazan ekitaldia egin zuten azaroaren 5ean eta han PPko, Ciudadanoseko eta Voxeko buruak egon ziren.

Argazkiak: Sare sozialak