Altsasuko auzipetuen askatasuna eskatzeko joan den ostiralean egindako kontzentrazioaren akaberan han zeudenak meteorito bat atmosferan sartzen ikusi zuten. Bakarren batek zerbaiten seinale izan zitekeela aipatu zuen. Zerena galdetu zioten aldamenekoek. Eta ez zuen erantzuten jakin. Seinalea izan zen, bai: atzera ere auzipetuek, euren guraso eta abokatuek hedabideen bidez jakin dute kontrako epaia izan dutela.
Jose Ramon Navarro Miranda (txostengilea), Eloy Velasco Nuñez eta Enrique Lopez y Lopez epaileek gaur jakinarazi dute Altsasuko auziko auzipetuen helegiteak osotasunean ezetsi dituztela eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioak Altsasuko auzian emandako epaia berretsi dutela. Epaileek osotasunean bere egiten dute epaian frogatutzat eman ziren gertaerak. Horren arabera, 2016ko lastailaren 15ean zigortuek eta beste pertsona talde batek bi guardia civil eta haien bikoteak Altsasuko tabernan eta kanpoko aldean eraso zituzten.
Beraz, agintearen agenteen kontrako atentatuagatik, lesioengatik, desordena publikoagatik eta mehatxuagatik jarritako zigorrak berretsi dituzte: 13 urteko espetxe zigorra Oihanendako, 12 urtekoa Adurrendako eta Jokinendako, 9 urtekoa Aratz, Jon Ander eta Julenendako eta 2 urtekoa Ainararendako. Iñakiren helegitea partzialki onartu dute epaileek eta espetxe zigorra 10 urtetik 6ra jaitsi diote. Zigorra ezarri ziotenean lau deliturengatik jarri zioten, baina bi delitu besterik ez zizkioten leporatu. Espainiako Auzitegi Nazionalak berak emandako epaia zuzendu behar izan zuen garagarrilean batuketa gaizki egin eta 10 urtera beharrean 13 urtera zigortu zutenean. Hala ere, epaian auzipetu bakoitzari akto jakinik ez die egozten: “guztiek eragin zituzten biktimen lesioak, nahiz eta guztien erasoa kaltetuei ezin izan den zehaztu”.
Terrorismorik ez, diskriminazio astungarria bai
Auzia Madrilen epaitzeko arrazoia izan zen auzipetuei delitu terroristak egozten zizkietela. Hori zen fiskaltzaren eta akusazioen eskaera. Espainiako Auzitegi Nazionalean bitan aztertu dute auzia eta lehenengo aldian bezala, oraingoan ere Apelazio Aretoko epaileek ez dute gertaeretan terrorismo zantzurik ikusi. Hala ere, epaileen iritziz “biktimen kontakizuna akusatuena baino sinesgarriagoa da”. Horretarako, “frogekin berretsitako deklarazioez aparte, salatzaileen lesioak agerian utzi zituzten mediku txostenak ere”. Talde ezagutza-saioen balioa ere aitortu du auzitegiak.
Hiru epaileen iritziz, Zigor Aretoko Lehen Sekzioak egoki erabili zuen Zigor Kodeko 22.4 artikulua, ideologi diskriminazio astungarriari dagokiona: “konstituzio baldintzetatik, guztiz zilegi dirudi”. Eta berretsi duenez, “akusatuen motibazio nagusia biktimak Guardia Civileko kide izatea da, edo harekin erlazioa izatea, bikotekideak ere biktimak izan zirelako”. Astungarri horrek zigorrak handiagoak izatea ekarri du.
Atzera botatako beste argudio batzuk
Auzitegiak ukatu du ere prozesuko bermeak urratu zirenik Guardia Civilak auziaren ikerketa egitean eta Concepcion Espejel epailea auzipetuak epaitzean. Espejel Guardia Civilaren koronel baten emaztea dela eta erakundearen merituzko domina jaso zuen. Hiru epaileek iritzi hori aurreratu zuten abokatuek Apelazio Aretoaren epaimahaiaren osaketaren kontrako errefusatzeari atzera botatzean. Velascok eta Navarrok Guardia Civilaren ohorezko dominak jasoak dituzte. Bestetik, Iñakik gau hartan grabatutako bideoaren balioa ez du aitortzen, “ez du eman nahi zaion efizientzia”. Aldi berean, Adurren abokatuaren argudioak ere atzera bota ditu. Epaitegian esan zuen liskarra izan zen garaian etxean lotan zegoela, eta gau hartako bideo eta argazkietan bestelako arropa zuela. Epaileendako, ordea, “posible da, etxea gertu dagoenez, arropaz aldatzea, amak esan bezala 02:30ean etxean egotea eta gero gertakarien tokian izatea”.
Altsasuko auziko zigorrak | |
Auzipetua | Apelazio epaiko zigorra eta egoera |
Oihan | 13 urte |
3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | |
9 urte: hiru lesio delituengatik. | |
Urte 1: desordena publikoak. | |
Egoera: 845 egun behin-behinean preso. | |
Adur | 12 urte |
3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | |
9 urte: hiru lesio delituengatik. | |
Egoera: 845 egun behin-behinean preso. | |
Jokin | 12 urte |
3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | |
9 urte: hiru lesio delituengatik. | |
Egoera: 845 egun preso. | |
Jon Ander | 9 urte |
3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | |
6 urte: hiru lesio delituengatik. | |
Egoera: 266 egun behin-behinean preso (+37 2016an). | |
Julen | 9 urte |
3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | |
6 urte: hiru lesio delituengatik. | |
Egoera: 266 egun behin-behinean preso (+37 2016an). | |
Aratz | 9 urte |
3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | |
6 urte: hiru lesio delituengatik. | |
Egoera: 266 egun behin-behinean preso (+37 2016an). | |
Iñaki | 6 urte |
3 urte: agintearen agenteen kontrako delituagatik. | |
2 urte: lesio delituagatik. | |
Urte 1: desordena publikoak. | |
Egoera: 266 egun preso (+37 2016an). | |
Ainara | 2 urte |
Urte 1: mehatxu delitua. | |
Urte 1: desordena publikoak. | |
Egoera: baldintzapean aske. |