"Esperantza bagenuen, baina ikusten dugu noren esku gauden!"

Guaixe 2019ko mar. 7a, 13:18

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren epaiaren lehen balorazioa egin digute Altsasuko Gurasoak taldeko Gotzon Urritzolak eta Koldo Arnanzek.

Altsasuko Gurasoak taldeko Gotzon Urritzolak eta Koldo Arnanzek albistea jasotzeko “bide okerra” salatu dute, hedabideen bidez jakin baitute epaiaren berri. Arnanzek aitortu digunez, “aldaketaren bat izanen zela espero genuen. Baina ikusten dugu noren esku gauden! Kasu hau zigor bezala hartu dute eta hari berean segitzen dute. Ez dute behar den bezala bideratu nahi”. Gurasoek hartuko duten jokabidea ere aurreratu digu Arnanzek: “gu fuerte mantendu behar dugu, hurrengo pausoa ematera”.


Urritzolak gaineratu duenez, “epai berbera eman digute: terrorismorik ez, baina zigor handienak”. Hala ere, “itxaropenik ez dugu galtzen”. Espainiako Auzitegi Gorenera, Konstituzio epaitegira eta Europako Giza Eskubideen Epaitegira joko dutela aurreratu digu Urritzolak. “Epaia behin betikoa ez den bitartean aske egon beharko lukete, ez kartzelan”. Gurasoek jendeari eskatu diote eurekin bat egiteko eta “Justizia eskatzen” segitzeko; “bidea luzea izanen dela ematen du”. Arnanzek ziurtatu duenez, “hemen eskubideak guk galdu ditugu eta edozeini gerta dakioke”. Jakinarazi duenez, “gauza guztiak zehazten ari gara, Iruñean prentsaurrekoa emanen dugu larunbatean”. Ostiralero udaletxe parean, 20:00etan, eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute gurasoek.