Altsasukoak aske herri plataformaren izenean lehen balorazioa Aritz Leozek egin du. Berria jakinda “amorruz beteta” daudela gaztigatu du Leozek: “Zaballako espetxean segituko dute gure zazpi lagunek epai honen ondoren”. Zazpiek kalean beharko luketela aldarrikatu dute. Plataformakoen iritziz, “argi dago herria nazkatuta dagoela, orokorrean Euskal Herria nazkatuta dago, gizartea nazkatuta dago kasu honen erabilpen politikoagatik”. Plataformako kideendako epaia “injustizia da, muntaiaren beste pauso bat da”.
Atzo espetxean zeuden lagunekin hitz egiteko aukera izan zuen Leozek eta esan zioten “zain zeudela eta esperantza handirik ez, baina beti hortxe daukazu justizia eginen denaren esperantza hori”. Plataformako kideak azaldu duenez, “argi gelditzen ari da Espainiar estatuan garatzen diren auzi prozesuetan ez dagoela esperantza eta Justizia izateko konfiantza askorik”. Horregatik, deia luzatu du: “kanpoan gauden guztiok etengabe segituko dugu euren askatasuna exijitzen”.
Mobilizazioez galdetuta, gaurko ez dute bat bera aurreikusi. Bihar greba feminista denez, “borroka horrekin bat” eginen dute plataformakoek. Baina eskualde manifestazioaren ondoren, ohiko kontzentrazioa eginen dela gogorarazi du Leozek: “epaiaren balorazioa emanen digu herriari”. Aldi berean, larunbatean Iruñean izanen den prentsaurrekoan hurrengo hilabeteetan garatuko dituzten ekimenen berri emanen dute. “Noski, ez gara etxean geldirik geldituko”. Leozek aurreratu duenez, “mobilizazio potente batean pentsatzen ari gara”. Aldi berean deia: “herri guztietan, ahal den leku guztietan, kasu honen injustizia helarazteko eta zabaltzeko beharra ikusten dugu eta hemendik eskatzen dizuegu ahal den heinean laguntzeko”.
Bestalde, Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek epaia filtratu izana eta lehenik auzipetuek haren berri jaso ez izana salatu du. Ollok zigorrak “guztiz neurrigabeak” direla ziurtatu du. EH Bilduko Adolfo Araizek zigorren “desproportortzioa” salatu du eta “eduki ideologikoaren larrigarria ezartzea politikoki oso arriskutsua” dela gaineratu du. Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile Mikel Builek ere epaia salatu du: “auzia goi epaitegietara eraman zutenek bazekiten han kontrola zezaketela. Europako auzitegiek seinalatzen gaituzten egunean beranduegi izanen da”.