Eva Azpilikueta aktore altsasuarraren bizitza antzerkian dago. Hamaika pertsonai antzeztu ditu, baina agian garrantzitsuenetarikoa Etxe txikiena antzezlanean interpretatzen duen Bettinaren papera izan da. Xixongo Feten jaialdian aurkeztu zuten lana, eta festibalean egindako lanagatik Azpilikuetak emakumezko aktore onenaren sari jaso zuen. Pertsonai honek "barrutik gehien mugitu" duenetariko bat dela esan du altsasuarrak. Martxoaren 17an antzeztuko dute Artikan, Maria de Maeztu kultur etxean.
Nolako esperientzia izan da Fetenen parte hartzea?
Egia esan, esperientzia pixka bat kaotikoa izan da. Izan ere, mugimendu handiko feria bat da; beraz, ikuskizun asko batera egiten dira. Programatzaileak, banatzaileak eta jendea guztia hemendik hona ibiltzen da korrikan. Shock bat izan zen ikuskizun bat ikustera sartu ginelako, eta ikuskizuna amaitu baino lehen jendea altxatzen hasi zelako. Azkenean haiek ahalik eta ikuskizun gehien ikusi nahi dituzte interesatzen zaionarekin gelditzeko. Orduan, bertigo pixka bat ematen zuen. Ostiralean kontzentratu ginen eta egin behar genuena egin genuen. Bi pase egin genituen. Pase guztiak dira garrantzitsuak, baina goizekoa zorabiagarriagoa zen bagenekielako epaileak, programatzaileak eta jende guztia egongo zela; izan ere, arratsaldean, azken eguna zenez, jende asko joaten da. Presio handia izan genuen. Baina egin genuen eta oso pozik gelditu ginen txaloa beroak izan zirelako, eta zorionez ez zen inor altxatu. Gurekin etorritako jendeak esan zuen iruzkin onak entzun zituztela.
Eta, gero, saria eman zizuten. Nolakoa izan zen momentu hura?
Ikaragarria izan zen. Ez nuen inolaz ere espero. Normalean konpainian sari bat egon behar denean ekoizleari eta banatzaileari abisatzen diete sari banaketan norbait egoteko. Eta orduan konfirmatu zuten baietz, norbait egongo zela. Bigarren pasearen ondoren esan zuten gu, aktoreak, ere egoteko. Baina egia esan ez ginen inolako intentzioarekin joaten. Nahi genuen ikuskizuna gustukoa izatea eta gure istorioa mila aldiz egin ahal izatea. Beraz, jaitsi ginen eta ekoizlearekin txantxetan egon nintzen, ea diskurtsoa prestatu zuen. Sariak banatzen hasi ziren, nik ez nekien zenbat kategoriak zeuden ere, eta emakumezko aktore onenarena esan zutenean hankaz gora gelditu nintzen. Hasieran sustoa hartu nuen, eta gero oso hunkituta hartu nuen. Talde osoagatik poztu nintzen, baina ez dut meriturik kenduko, ongi etorria da. Agertokira igo nintzenean ez nekien zer esan. Aurretik prestatutako diskurtsoak esan zituzten. Ni, gainera, antzeztu ondoren istoriotik emozionalki oso nahastuta geratzen naiz ukitzen duen istorio bat delako eta bidai emozionala oso handia egiten dugulako. Jende guztia ongi jantzita zegoen eta nik justu-justu mototsa jarri nuen, elastikoak eta txamarra... Oso naturala.
Antzezlana amaituta ukituta gelditzen zarela esan duzu. Zertaz doa 'Etxe txikiena'?
Errefuxiatuen gaiari buruz doa. Errefuxiatuen esparru batean gertatzen da, nahiz eta ikuskizunean behin ere ez den esaten. Baina ulertzen da. Haurrekin hainbat entsegu egin genituen eta ez zuten inolako arazorik izan non geunden igartzeko. Oso istorio indartsua da. Bi neskato dira, leku horretan elkartzen direla. Haietako bat iritsi berria da eta oraindik dago gurasoek kontatu diotenarekin, hau da, oporretara joaten dela, eta oso lasai iristen da non dagoen jakin gabe. Han beste neskato batekin elkartzen da denbora daramala bertan. Alderantzizko bidai bat egiten dute. Nire pertsonaiak lurra joko du, pixkanaka errealitatea ikusiko du eta gogoratzen hasiko da; aldiz, Normak, beste pertsonaiak, koraza asko ditu eta Bettinaren ondoan bere bihotza irekitzen hasiko da, biguntzen. Adiskidetasun istorio oso polita da ere. Haurrak terrore maila handiarekin iristen dira, jakin gabe beraien biziarekin zer gertatuko den, gure egunerokotasunean ditugun erosotasun guztien faltarekin. Bidai emozionala, beraz, oso indartsua da.
Nola kontatu horrelako gai bat haurrei?
Nik gizarte integrazioa ikasi nuen. Beraz, niretako amets bat zen gizarte gaiak antzerkian uztartzea. Nire helburu nagusia da. Bi gauza eman dira kasu honetan. Gure zuzendaria, Rosa Diaz, emakume handi bat da eta haurrei heriotzaz eta gerraz hitz egiten die gertutasunarekin eta modu zuzeneko batean. Ez zaio haurrak tuntunak balira bezala tratatzea gustatzen. Askotan pentsatzen dugu haurrak ez direla gauzez konturatzen, baina egunero ari dira telebista eta biolentzia ikusten. Baina askotan ez gara gai gauza asko azaltzera ausartzen. Oso gai delikatua da, baina oso modu politean tratatuta dago. Batean kale, bestea bale da. Izan ere, komikotasuna ere dago istorioaren barruan drama handia txikiagotzeko. Baina oso ongi orekatuta dago. Gure helburua da haurrek istorioarekin enpatia sentitzea.
Eta lortu duzue.
Guztiz. Haurrekin oso esperientzia politak izan ditugu. Haur batek eskertu zigun gai hauei buruz hitz egitea. Hausnarketa oso onak jaso genituen. Oso kontzienteak dira hau hemendik gertu gertatzen dela. Halako batean galdetu nien ea uzte zuten hemen gerta litekeela eta argi esan zuten baietz. Adin tarte bakoitzari modu batean edo bestean iristen zaie, baina 10 edo 11 urteko haurrak oso kontzienteak dira.
Nola izan da pertsonai horretan sartzea?
Niretako luxu bat izan da, opari bat. Gehien bat zuzendari honekin lan egin ahal izatea. Oso pozik nago lan egiteko modu oso polita duelako, eta, aldi berea, zorrotza eta perfekzionista. Pertsonaian sartzeko ikerketa lan bat egin genuena, askotan ez dela egiten. Lehenengo fase batean Granadan egon ginen, dokumentatu ginen eta haur errefuxiatuen gauza asko ikusi eta irakurri genituen. Gaiaz busti ginen. Une horretatik istorioak ukitu zigun. Hortik, dramaturgia lanarekin hasi ginen: testuari bueltak ematea eta jolasten hastea. Hasieran ez genekien nork zein pertsonaia egingo zuen. Pertsonai honen istorioa ezagutzen hasi nintzenean bertigoa sentitu nuen. Erantzukizun handia da gai hartzea eta lantzea. Baina asko bizi izan dut, enpatia sentitu dut, izan ere, aktoreek ez badugu enpatia sentitzen, gertatzen zaienaren azalean jartzean saiatzen... Irailean hasi ginen proiektu honekin.
Txaloei buruz hitz egin duzu. Zer esanahia dute txaloek?
Nik uste aktoreek seigarren zentzumen bat dugula, agian jende asko bezala, baina asko nabaritzen da txalo bat benetakoa denean eta ez denean. Orain B fase batean gaude, eta horregatik geunden horren bertigoarekin, une honetan publikoa arnasten hasten garenean, guk esaten dugun bezala. Ikuskizun publikoaren aurrean jartzen duzun arte, ez dakizu nola funtzionatzen duten erritmoek, nola jasotzen duten istorioa, orduan publikoarekin topaketa hau izan dugun arte ez genekien nola funtzionatuko zuen. Baina txaloan, ez dakit zergatik, baina nabaritzen da benetako txalo bat dela. Gainera, istorio honetan erabateko isiltasuna dago eta bat batean txaloa. Ez dakit nola azaldu.
Horrelako proiektuaren batean egon zara aurretik?
Aurretik gauza asko egin ditut. Barrutik asko ukitu ninduen lehenengo gauza Nafarroako Antzerki Eskolaren ikasturte amaierako lana izan zen: La edad de la ciruela izan zen eta lehenengo aldia izan zen aktore bezala zerbait gehiago ateratzen zidatela. Oroimenean oinarritutako istorio bat zelako, nahasten duten istorio horretako bat zen. Eta hortik aurrera gauza asko egin ditut. Bi konpainietan lan egiten dut eta ez da lehenengo aldia gizarte gaiak lantzen ditudala: emakumea, berdintasuna, eta lerro honetan enfokatzen saiatzen naiz. Baina egia da gertu dudanez eta zuzendari honen lan egiteko modua hain dotore denez, oraintxe sentikortasun handiarekin nago. Istorioa oso polita da. Gogorra, baina polita. Antzinaroan ere antzerkia oso aldarrikatzailea zen, gauzak kontatzeko erabiltzen zen, orduan gai delikatu bat hartzea eta antzerkian tratatu izana gustatzen zait.
Haurrendako antzezlan bat da, baina helduendako ere bada.
Adin tarte bakoitzak modu ezberdinean hartzen du, normala denez. Baina ikusi duten helduek ere esan digute iritsi zaiela. Azken finean, guraso batek egoera horretan ikusten badu bere burua, seme-alabak utzi behar dituela nora joango den jakin gabe... Hemen gerran gertatu bezala, itsasontzi batean sartu zituztela. Guraso batzuendako oso gogorra izan behar da.
Gauza asko egin dituzula esan duzu. Nolakoa izan da aktore izateko ibilbidea?
Egia esan zorte handia izan dut. Nafarroako Antzerki Eskolan 2004tik 2007ra egon nintzen. Eta 2005ean konpainia batek, Yarlekuk, haiekin antzezteko deitu ninduten. Eta euskal mitologiaren inguruko istorio bat egin genuen. Ordutik Yarlekurekin nago, hau da, bere proiektu guztietarako deitu didate. Eskolatik atera berri Eskolak berak nirekin kontaktatu zuen ikastetxeetarako Gayarren egiten den Cervantesen entremes bat egiteko. Eta oraindik egiten dugu ere. 2013an Tdiferenciarekin hasi nintzen. Bidean sormen kolektiboko lanak egin ditut, hamaika antzezlan ondoan duzun jendearekin elkartzen zarela eta gero saltzeko oso zaila dela... Mundu hau oso zaila da. Eta gero ere animazioak, ipuin-kontakizunak, enkarguak emakumearen egunerako eta abar egin ditut.
Beti Nafarroan ibili zara?
Nafarroatik nahiko bira egin ditugu. Euskadira ere atera gara, baina hemendik ateratzea oso zaila da. Ez dakit zer gertatzen den, badago Nafarroako konpainiaren baten batek ateratzea lortu duela, baina ez asko. Ez da gure helburua, baina bai gure desioa. Mugak apurtu ahal izatea.
Eta zergatik aktorea izan?
Ez dakit. Haurra nintzenetik mugitzen nauen gauza bat da. Nire familian izeba oso teatreroak ditut eta nik uste hortik etortzen zaidala. Eskolan gauza guztietan parte hartzen nuen, ez nuen lotsarik, Altsasuko festetako play-back-ak, eta oso kuriosoa izan zen nik ez nuelako Nafarroako Antzerki Eskola ezagutzen. Altsasuko neska batek komentatu zidan Iruñean Antzerki Eskola bat zegoela eta kuriositateagatik probatu nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Ez da buruan zerbait neukana.
Zergatik antzerki aktorea? Noizbait telebista edo zinema egiteko gogoak izan dituzu?
Kamerek panikoa ematen didate. Hori bai, zerbait egiteko prest egongo nintzateke. Noizbait film laburren bat egin dut, eta antzerkia egiteko lotsagabe bat naizen moduan, nire burua bideoan ikustean barregarri geratzeko beldur dut. Jende askori geratzen zaio. Gauza da beste lengoai bat dela, antzerkiarengatik oso ezberdina. Kameraren aurrean keinuak diskretuagoak izan behar dira, txikiagoak, eta antzerkian dena askoz irekiagoa da. Interpretazioak guztiz ezberdinak dira. Eta ez ditut ateak ixten, ikastea gustatuko litzaidakeelako, baina momentuz nahiko kamerek errespetua ematen didate. Hori bai, probatzea izango zen.
Interpretatzea zaila da?
Edonork ezin du egin. Pelikuletako castingerako profil fisiko oso konkretua bilatzen dute, gero ez dakit funtzionatzen diete edo ez. Baina kameraren aurrean naturala den jende asko dago. Baina beste edozer gauza bezala honek trebakuntza behar du, formatu behar zara, jakin behar duzu ahotsa nola jarri, espazioa kontrolatzen jakin behar duzu, fisikoki prestatu behar zara, antzerkiaren mundua eta historia ezagutu behar duzu... Atzetik gauza asko daude, edozein ogibide bezala.
Zer suposatuko du sariak zure karreran?
Sari hau esfortzuari guztiari errekonozimendua izan da. Antzerkiaz profesionalki lan egiteko bide gogorra eta konplikatua da, eta, gainera, edozeini gustatzen zaio bere lanean esker ona jasotzea, entzutea ongi ari zarela. Gure esker ona publikoaren txaloa izaten da, eta lan egiten jarraitzea eta maitasun handiarekin egiten ditugun gauzak hauek ahalik eta gehien egitea. Asko hunkitu nintzen horregatik, badirudielako erraza dela, baina ez delako batere erraza esatea nik antzerkiaz bizi nahi dudala. nik nahi dut honekin bizi. Uztartu behar duzu mila gauzekin: klaseak, gauza txikiak... Eta gero esaten dizute: antzerkia, baina nola... Ogibide hau duin bihurtu behar dugu. Ogibide oso polita da, pila betetzen du, ez da hain erraza, ez da konstantea, ez dago ordutegirik, ez dago errutinarik, ordu asko musu truk, sormenarekin zerikusirik duten lan guztiak bezala eta abar. Lan asko duzun garaiak daude eta beste batzuetan gutxi. Baina gure ametsengatik borrokatu behar dugu, eta aurrera egin.