Altsasuko auziko bigarren epaiketaren epaia ostegunean jakinarazi zuten eta haren balorazioa larunbatean egin zuen Altsasu Gurasoak taldeak. Azaldu zutenez, “bi urte eta erdi dira mina eta oinazea” sentitzen dutela, eta ez dute “Justiziaren argia ikusiko dugun eguna noiz izanen den”. Auzipetuen gurasoen iritziz, “Espainiako Auzitegi Nazionala ez da Justizia ezartzen duen erakundea”. Epaitegiaren erabakian “mendeku gosea, Guardia Civilari men egiteko nahia, askatasun eta eskubideen murrizketarako bidean jarraitzeko asmoa”.
Emandako epaiak euren seme-alabei “neurriz kanpoko zigorrak” ezartzen dizkiela salatu zuten;“Ez dira terrorista gisan epaitzen, bainan, terrorista bailiran zigortzen dira. Epaiak oinarritzat hartzen duen kontakizuna egia balitz ere, hainbeste urtetako kartzela zigorrak astakeriak dira nonahitik ikusita”. Aldi berean salatu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak egin duen “terrorismo kalifikazioaren erabilpen maltzurrak, Lamela epaile instruktorea arduradun nagusia delarik, prozedura judiziala nahastea zuen helburu, mendekuan oinarrituriko zigorra ezarri ahal izateko eta auzia bereganatzeko Nafarroako Lurralde Auzitegiari ebatsi”.
Altsasuko Gurasoek epaileek egin zuten diskriminazio astungarriaren erabilerari ere erreparatu zioten: “irizpide politiko edota ideologikoen arabera zigorrean eta mendekuan oinarritzen den eredu zabal baterako atea irekitzen du. Hau, oinarrizko eskubide eta askatasunak babesten dituen zuzenbidezko Estatuaren aurkakoa da. Gizarteak arduraz hartu behar luke hau zeren eta, gaur gure seme-alabak dira baina aurrerantzean edonor izan daiteke.
Jasotako elkartasun eta babes mezuak eskertu eta herri eta hirietan Hau ez da justizia, Altsasukoak aske lelopean mobilizaziorako deia egin zuten gurasoek. Aipatu leloarekin, eurek Altsasun manifestazioa martxoaren 24rako deitu dute, suhiltzaileen paretik abiatuko da eta “handia” izatea espero dute, “beste bat duintasuna eta justiziaren aldeko borrokan gogoratuko duguna”.