Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak Altsasuko auziko epaia berretsi eta gero, Altsasuko Udaleko Bozeramaileen Batzordea atzo bildu zen eta epaiarekin “erabateko desadostasuna” duela adierazi zuen, “ezarritako zigor altuak berresteagatik eta auziaren inguruan egon den neurrigabekotasuna sakontzeagatik”. Adierazpena Geroa Baik, EH Bilduk, Goazen Altsasuk eta PSNko zinegotzi Julia Cidek sinatu dute.
Udal ordezkariek salatu zuten “zenbait sektore politikok eta hedabidek Altsasuko herriaz egin duten eta jarraitzeko asmoa duten erabilera eta manipulazioa. Beharrezkoa ez den tentsioa sortu eta Altsasuren bizitzaren irudi ez erreala eman nahi duten jarreren eta jardueren kontra” azaldu ziren ere. Udalak Altsasuko herri guztiari babesa azaldu zion eta “azken bi urte eta erdian altsasuarrek elkarbizitzaren, normalizazioaren, justiziaren eta proportzionaltasunaren izan duten jarrera zibikoa eta eredugarria” aitortu du, “bide horretan segitzeko animatuz”. Azkenik, “Espainiako Auzitegi Gorenean jarriko den helegitearen erresoluzioan justizia eta proportzionaltasuna ezartzea ezinbestekotzat” jotzen dute Altsasuko Udalean.