Carlos Rivera Lauria artista argentinarra Altsasun bizi izan zen. Artebide elkarteko sustatzaileetako bat izan zen, eta haren lanak Altsasuko Arte Azokan ere erakutsi dira. Orain, Madrilgo ARCO arte garaikidearen erakusketaren barruan egiten den ARCO Vip erakusketan Migraciones erakusketa egin du. Eta bertan erakutsiko zuela aprobetxatuz, Altsasuko "injustizia" artearen bidez eraskustea ere erabaki zuen. Bat-bateko kontua izan zen, Riverak azaldu bezala.
Zapadores Ciudad del Arte XXI. mendeko museoa "leku zoragarria" dela esan du Riverak. Garai bateko armadaren tren geltokia zen eta, orain, erakustoki bihurtu dute. Hortaz, ARCO arte garaikidearen erakusketa ospetsuaren baitan ARCO Vip erakusketa antolatzen dute bertan eta Riveraren Migraciones bilduma erakustera gonbidatu zuten. Migraciones lanarekin Italian egon berria zen, eta "norbaiti gustatu omen zitzaion, eta gonbidatu ninduten".
Madrilgo arte garaikidearen erakusketa arteagatik baino, bertan erakusten diren artelan polemikoengatik da ospetsu. Iaz, esaterako, Santiago Sierrak Espainiako estatuko preso politikoen inguruko bilduma egin zuen eta erretiratua izan zen. Aurten, lan hori ARCO Vip espaziora iritsi da. Espazio horretan bertan erakusten du Riverak Migraciones lana, migrazioari buruzko artelanak. Espazio hori aprobetxatuz, Altsasuko gazteek bizi duten injustiziaren aurrean "zerbait" egin zezakeela iruditu zitzaion.
Zutabe bat Altsasuko auzian auzipetutako gazteen izen abizenekin idatzita ikusi daiteke, beraz, Zapadores Ciudad del Arten Riverak duen erakusketaren sarreran. Julian Lopez de Abetxukorekin batera idatzi zituen gazteen izenak. Altsasun bizitzen ari den injustizia kaleratzeko modu bat dela esan du Riverak. Bertan erakutsitako bildumarekin zerikusirik ez du ere.
Artelana ez da polemikoa izan, Riverak azaldu duenez, baina sare sozialetan jendea zutabearekin argazkiak egin dituela eta elkarbanatu dituela esan du.
Joan-etorriak
Migraciones erakusketaren oinarrian txoriak daude. Izan ere, txoriak izaki migranteak dira. Txoriak bezala bada jendea bere sorterria uztera derrigortuta dagoela, bizitza hobe baten bila etengabe mugitzen dela, jakin gabe "han edo hemen" duena hobe izango den, Riverak azaldu bezala. Beste leku batera mugitzea erabakitzen den momentuan erabaki bakoitzak "ilusioaren eta kostu handiaren" mugak proban jartzen ditu. Erakusketa martxoaren 17ra arte egonen da Zapadores-en.
Altsasuko gazteen alde egindako artelanak Migraciones erakusketarekin zerikusirik ez duen arren, Riverak azaldu duenez joan-etorri guztietan leku bat uzten da beste batera joateko, eta gazteen kasuan ere "derrigorrez" etxetik atera dituzte beste leku batera eramateko. "Kartzela, gainera".