Kataluniaren autodeterminazio eskubidea babestu eta subiranisten kontrako epaiketa salatzeko milaka pertsonek manifestazioa egin zuten larunbatea Madrilen. Autodeterminazioa ez da delitua. Demokrazia erabakitzea da leloa zuen mobilizazioak eta deialdiarekin bat egin zuten hainbat herrialdeetako erakundek, tartean, Altsasu Gurasoak. Haien izenean Antxon Ramirez de Alda eszena-tokitik kataluniarrei esan zien ez daudela bakarrik. Azaldu zuenez, deialdia “Justiziarekin eta demokraziarekin oso lotuta dago. Horregatik, gaude gaur Madrilen”. Manifestariak Justizia eskaera eta oinarrizko eskubideen defentsa lotzen zituela gaineratu zuen, “askatasuna, justizia eta elkartasuna” aldarrikatu zituen. Altsasuko auzian politika, hedabideen eta auzitegien manipulazioa salatu zuen eta igande eguerdian Altsasun eginen den manifestazioaren deialdia gogorarazi zuen.
Manifestaziorako prestaketa
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren epaia salatzeko Altsasu Gurasoak taldeak manifestazioa deitu du iganderako 12:00etan, suhiltzaileen parkearen paretik abiatuko dena. Hau ez da justizia leloa du mobilizazioak. Eta hura behar bezala prestatzeko ostiraleko kontzentrazioren ondoren altsasuarrak izena ematen hasi ziren. “Herriaren parte hartze zabala behar beharrezkoa dugu. Jende dexente behar dugu hainbat lan egiteko eta, horretarako, bihar, 20:00etan Gure Etxea eraikinean eginen den asanbladan parte hartzera” deitu dute gurasoek.
Amaia Izko Genevan azalpenak ematen.
Genevan
Kataluniako Unesco zentroak gonbidatuta, Altsasuko auziko auzipetuetako batzuen abokatu Amaia Izko Genevan izan zen pasa den asteazkenean. Nazio Batuen Erakundearen 40. Giza Eskubideen kongresuan Altsasuko auziaren berri eman zuen abokatuak. Kataluniako Unesco zentroak antolatutako saioak Eskubide zibil eta politikoak mehatxupean Espainian leloa zuen saioak.
Oharra
Altsasu Gurasoak taldeko bozeramaileetako bat izan den Bel Pozuetak EH Bildurekin politikara jauzi egitea erabaki du. Ostiraleko kontzentrazioan bere bozeramaile jarduna despeditzen zuela jendeak gurasoei emandako laguntza eskertu zuen. Horren harira, Altsasu Gurasoak taldeko lau amek oharra kaleratu zuten. Maite Ziordia Solanok, Ana Larraza Erdoziak, Amaia Amilibia Salgadok eta Nekane Ortigosa Mujikak gogorarazi dutenez, “hasieratik Altsasuko Gurasoak-en filosofia, hasieratik, gure seme-alabendako giza eskubideen eta justiziaren defentsa izan da. Betidanik talde anitza izan gara eta gure ibilbidean entzun nahi izan gaituzten politika eta gizarte taldeengana jo dugu; haiei auziaren berri eman eta laguntza eskatu diegu”.
Auzipetuen lau amen iritziz, “egoki iruditzen zaigu gauza bat argitzea: Altsasu Gurasoak talde gisa ez dugu hautagaitza politiko jakin bat babesten”. Gaineratu dutenez, “neurrigabetasun hau bideratzen laguntzeagatik eskerrak eman nahi dizkiegu parlamentuan ordezkatuta dauden alderdiei, gizarte mugimenduei eta pertsona anonimo guztiei”. Igandeko manifestazioan parte hartzeko dei eginez despeditu dute oharra.