Jasaile

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2019ko mar. 22a, 08:25

Altsasuarren erdal jarioaren hondarretan hainbat euskal hitz pausatu dira tenkor, zehaztaile, lekuko eta hizketaren edergarri. Hona sortatxo bat: korosti, tentagarri, zimurro, supil, gailur, zotola, siets, etxekalte… Bada bat, ordea, nire ustetan bereziki esanguratsu eta bitxia dena: “jasaile” deritzana, hots, hilkutxa edo lepondo gainean zama-eramalea. Kontzeptu garrantzitsua da honako hau erdal ordain egokirik aurkitu ez delakoan. “ Fíjate si tenían relación que le hizo de jasaile para su madre…”.
Eta hara, Atsasuko herria dugu jasaile 2016ko ferietako goiz hartaz geroztik, baina zortzi familiaren baitan gauzatu da haren ahal guztian basakeria mediatiko eta judizial umiliagarri hau. Barruan diraute zazpi gaztek inork argi eta garbi azaldu ez duen mendeku baten truke. Auzitegi Nazionalak berretsi du ia-ia bere hartan iaz emaniko epai zital eta ikaragarri hura. Europako gizarte garaikidean edonor erresuminduko lukeen sententziak indarrean darrai eta ez dirudi Espainia eternal hartan astindu nabarmenik eragin duenik.
Gauzak eta sententziak horrela, saminaren sokak jarraitzen du eguneroko jardunean, euri langar mehe zikin bat bezala, haizete zakar eta gupidabe baten zaztadaz.
Zazpi lagun horiei egokitu zaie jasaile-rola; norbaitek ordaindu behar zuen (halaxe agindu zuen Mariano Rajoik) eta ordaintzen ari dira gogoz eta ziegaz, ordaintzen ari direnez. Norbaitek erabaki zuen Altsasu ereduz zigortu behar zela, eta garai postmodernoetan Fuenteovejunarena apologetiko eta terrorista samarra gertatzen da, beraz, utikan apatxeko guztiak eta “a por ellos” grinatsu eta konstituzional batez zigor erraldoiaren eraikitzeari ekin zioten.
Bi urte eta erdi, herri oso bat elkartasunez eta zutik jasaten, baina batez ere zazpi familia neke eta penetan jasaile. Europako duintasuna ere jasaten ari.