Altsasu kasua. Argitze oharra

Erabiltzailearen aurpegia Gutuna 2019ko mar. 22a, 08:32

Gure seme-alaben kontrako injustizia eta neurrigabetasun egoera gogor baten ondorioz elkartzen hasi ginen guraso talde bat orain dela bi urte baino gehiago; Altsasu Gurasoak taldea, horrela sortu zen. Hasieratik, talde plurala izan gara eta gure filosofia Giza Eskubideen defentsan oinarritu da.

Gure seme-alabendako justizia eskaera irmoa egin dugu. Bide horretan, entzun nahi izan gaituzten indar politiko eta sozial guzti-guztiengana jo dugu, auzi hau jakinaraziz eta laguntza eskatuz.
Gure taldean azken egunotan izan diren berriak direla eta, egoki iruditu zaigu honako hau argitzea: Altsasu Gurasoakeko kide gisa ez dugu hautes-zerrenda jakin baten aldeko hautua egiten.
Parlamentua osatzen duten alderdi guzti-guztiei  gure esker ona adierazi nahi diegu; neurrigabekeria hau zuzentze aldera laguntzen ari zaizkigun mugimendu sozial zein pertsona anonimoei ere, bihoakie gure esker ona.

Momentu samin honetan, Auzitegi Nazionalaren sententziaren berrespenaren ondotik, zuen babesa berriro eskatu nahi dugu: arren eskatuz martxoaren 24ko manifestazioan parte har dezazuen. Izan ere, honetan guztian argi eta garbi dagoena hauxe da: “Hau ez da justizia”.

Maite Ciordia Solano, Ana Larraza Erdozia, Amaia Amilibia Salgado eta Nekane Ortigosa Mujika (Altsasuko Auziarengatik espetxeratutako zazpi gazteen lau ama)