Altsasuko Auzia nazioartekotzeko bidean, Altsasu Gurasoak taldeko eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideak, atzera ere, Bruselarako bidea hartuko dute gaur eta ostiralera arte han izanen dira. Gaur prentsaurrekoan emanen dute eta hiru talde parlamentarioetako euro-parlamentariekin elkartuko dira. Bihar bi hitzordu izanen dituzte. Alde batetik, Belgikako barne ministro ohi Jan Jambonekin bilera izanen dute. Eta, ondoren, Europako Parlamentuan Altsasu Gurasoak taldeko kide batek estatu-indarkeriari buruzko ekitaldi batean parte hartuko dute Herrialde Katalanetako eta Korsikako ordezkariekin batera. ICEC, Europar Hiritarrern Nazioarteko Batzordeak, antolatu du ekitaldia. Eta litekeena da euren agendan giza eskubideen elkarteetako kideekin bilera egiteko aukera izatea.
Altsasu Gurasoak taldeko ordezkaritza Bruselara aurrenekoz San Pedro egun batez joan zen, 2017an. Handik 51 eurodiputatuk sinatutako adierazpena ekarri zuten. Bi hilabete beranduago Europako Batzordeko lehen lehendakariorde Frans Timmermansek esan zuen gertutik segituko dutela Altsasuko auzia. Zigorren proportzionaltasuna eta oinarrizko eskubideak betetzen direla aztertuko zuela. Azken horrek Coviteren erreakzioa eragin zuen eta Altsasuko auziaren bere bertsioa emanez,Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juckerri gutuna bidali zion azaroan.
Foru administrazioaren erabakiari segituz, Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkari Mikel Irujok Eskualdeen Batzordeko European Alliance Taldeko presidente Karl Vanlouverekin bildu zen eta Altsasuko auziaren berri eman zion joan den urteko apirilaren erdialdean. Joan den asteazkenean, berriz, Amaia Izko abokatuak Nazio Batuen Erakundearen 40. Giza Eskubideen kongresuan Altsasuko auziaren berri eman zuen.
Onartutako mozioa
Eusko Alkartasunak Europako Aliantza Librearen batzar nagusian Altsasuko auziari buruzko mozioa aurkeztu zuen eta aho batez onartu zen martxoaren 8an. Espainiako Gobernuari “salbuespenezko kartzela neurriekin bukatzeko” eskatu zieten, baita preso dauden auzipetuen “berehalako askatasuna”. Aldi berean, Espainiako agintariei dei egin zieten, “botere banaketa errespetatu dezaten, eta estatu demokratiko baten baldintzak bete ditzan”. Aldi berean dei egin zieten Europako Parlamentuari, Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluari dei egin zieten “Europako Tratatuaren 7. artikulua indarrean jar dezaten espainiar estatuaren kontra, tratatu berean ezartzen diren 2. artikuluari dagozkion baloreak behin eta berriro urratzeagatik”.
Preso dauden auzipetuen askatasuna aldarrikatzearekin batera, Hungariarekin eta Poloniarekin egin den moduan Espainiari Batasuneko Tratatuaren 7. artikulua aplikatzeko eskatu zuen, “fundazio balioak etengabe urratzeagatik”. Azkenik, PPk eta Ciudadanos alderdiek Altsasuko auziaren inguruan “darabilten erabilera ankerra” salatu zuten, “euskal gizartea kriminalizatzeko asmoa duena”. Altsasu Gurasoak taldeko kideek bideo baten bidez esker ona azaldu zieten.