Europako Parlamentuan agerraldia egin dute Altsasu Gurasoak taldeko Antxon Ramirez de Aldak eta Edurne Goikoetxeak eta Altsasukoak Aske herri plataformako Aritz Leozek. Haiek aldamenean agerraldia babestu duten Josep Maria Terricabras (ERC), Ana Miranda (BNG), Xabier Benito (Podemos), Jordi Solé (ERC), Miguel Urban (Podemos), Josu Juaristi (EH Bildu), Izaskun Bilbao (EAJ) euro-parlamentariak izan dituzte.
Ramirez de Aldak eta Goikoetxeak lehenik esan dute Adurrek, Jokinek eta Oihanek bi urte eta erdi daramatela preso eta Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, 10 hilabete. “Ihes egiteko argudioarekin, zigor irmorik gabe, behin behineko espetxeratzearen gehiegizko aplikazioa da”. Auzipetuen bi gurasoek “publikoki salatu” dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren Apelazio Aretoaren epaia basakeria da”. Gurasoen iritziz, “epaia akusatzaileen ikuspegitik eraiki da, aurkeztutako frogak, lekukoak eta ebidentziak kontuan izan gabe, zigor handia justifikatzeko helburu bakarrarekin”. Goikoetxeak eta Ramirez de Aldak gaineratu dutenez, “Guardia Civila kolektibo zaurgarriekin parekatzea, eta azken horiek babesteko pentsatutako diskriminazio astungarriaren erabilerak zigorrak handitzeko borondatearen lekuko dira”.
Bi gurasoek gaineratu dutenez, “gure kasuarekin atea zabaltzen zaio hain anbiguoak diren legeen erabilera hedagarria eta arbitrarioa egiteari. Hori aplikatzea legegilearen esku beharko luke, ez epailerenean; Europako erakundeek estatuari gogorarazi izan dioten moduan, bestela demokrazia galera dakarrelako. Gaur gure seme-alabak dira, etorkizunean, edozein”. Azkenik, Hau ez da Justizia lelopean Altsasun, igandean, 12:00etan, suhiltzaileen parkearen paretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute gurasoek.
Altsasuko ordezkaritza haien agerraldia babestu duten euro-parlamentariekin.
Agenda
Prentsaurrekoaren ondoren, gurasoak eta plataformako kideak aipatu politikariekin eta Portugal, Flandria eta Irlandako euro-parlamentariekin bilera egin dute. Guztien artean Altsasuko auzia Europan salatzen segitzeko proposamenak adostu dituzte. Bihar, berriz, Altsasutik joandako ordezkaritza Belgikako barne ministro ohi Jan Jambonekin bilera izanen du. Eta, ondoren, Europako Parlamentuan Altsasu Gurasoak taldeko kide batek estatu-indarkeriari buruzko ekitaldi batean parte hartuko dute Herrialde Katalanetako eta Korsikako ordezkariekin batera. ICEC, Europar Hiritarren Nazioarteko Batzordeak, antolatu du ekitaldia. Bruselako egonaldia despeditzeko, ostiralean, Belgikako Langileen Alderdiarekin (PTB) bilduko dira. Eta litekeena da euren agendan giza eskubideen elkarteetako kideekin bilera egiteko aukera izatea.
Altsasuarrak euro-parlamentariekin egindako bilera.
Hirutan Bruselan
Gaurkoarekin Altsasuko Gurasoak taldeko ordezkariak Europako hiriburu politikoan dauden hirugarren aldia da. Estreinakoa 2017ko garilaren 29an izan zen eta, besteak beste, estatuan egiten ari zen terrorismo delituaren erabilera okerra salatu zuten. Orduan 51 eurodiputatuk sinatutako adierazpena ekarri zuten. Egunetara fiskaltzak 275 urteko espetxe zigorra egin zuen. Bi hilabete beranduago Europako Batzordeko lehen lehendakariorde Frans Timmermansek esan zuen gertutik segituko dutela Altsasuko auzia. Zigorren proportzionaltasuna eta oinarrizko eskubideak betetzen direla aztertuko zuela. Azken horrek Coviteren erreakzioa eragin zuen eta Altsasuko auziaren bere bertsioa emanez, Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juckerri gutuna bidali zion azaroan. Epaiketa egin ondoren, Gurasoen Bruselako bigarren egonaldia joan den urteko maiatzaren 28an egin zuten. Epaiketa justurako bermerik ez zela izan gaztigatu zuten. Lau egunetara epaia atera zen.