"Dantza egitean nire burua ez dago presente"

Guaixe 2019ko mar. 25a, 14:10
Tarragonako Lehiaketan parte hartu zuten dantzariak eta irakasleak. UTZITAKOA

Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako lau taldek Tarragonako Koreografia Lehiaketan parte hartu dute. Hiru, gainera, sariarekin itzuli ziren etxera. Lanaren emaitza dela diote dantzariek, hala ere, "zerbait gustatzen zaizunean ez da horren sakrifizioa"

Dantza egiten duenean burbuila batean bezala sentitzen da Saioa Iraizoz. Musika eta bera daude momentu horretan, besterik ez, eta bere burua ez dago presente. Zerbait berezia da. Horrelako zerbait ez duela inoiz sentitu azaldu du dantzariak. Haizea San Romanek antzeko zerbait sentitzen du; poztasuna bezala deskribatzen du, ongi sentitzen da dantza egiten duenean. Marcos Santosendako dantza adierazteko modu bat da, erlaxatzeko bide bat. Dantza zerbait berezia da ere Tarragonako Koreografia Lehiaketan parte hartu zuten Irantzu Dantza Eskolako 21 dantzariendako ere. Hitzekin adierazi ezin den zerbait da. Mugimenduen bidez azaltzen dutena.

Oihu Loreak, Arima, Ilargiaren Alabak eta Maitesua Dantza Eskolako taldeak aritu ziren igandean, martxoaren 17an, Tarragonako auditorian egindako Koreografia Lehiaketan. Oihu Loreak, Arima eta Ilargiaren Alabak taldeek junior kategorian parte hartu zuten eta Maitesuak haur kategorian. Lau taldeak dantza garaikidea, modernoa edo lirikoa sailean lehiatu ziren. Gainera, Sutan taldeko Igone Augusto eta Leire Bujanda dantzariek erakustaldia egin zuten.


Oihu Loreak taldea. Eskuinetik lehenengoa Irantzu Gonzalez irakaslea. UTZITAKOA

Koreografia Lehiaketan egindako lanak emaitza izan ditu, izan ere, lau taldeetatik hiru sariarekin etorri ziren etxera: Oihu Loreak taldeak bigarren saria lortu zuen, Arimak laugarren saria eta Maitasuak ere laugarren saria irabazi zuen bere kategorian. Gainera, ondoren jakin zuten bezala, Oihu Loreak taldeak puntuazioaren arabera lehenengo taldearekin berdindu zuen, baina irabazleak koreografia atalean puntuazio gehiago zuenez, beraiendako izan zen lehenengo saria. Hortaz, "lehenengoak" ere zirela jakiteak "indar" gehiago eman diela esan du Saioa Iraizoz Oihu Loreak taldeko kideak.


Arima taldea. Eskuinetik lehenengoa Irantzu Gonzalez irakaslea. UTZITAKOA

Lehiaketa
Esperientzia "ikaragarria" izan dela esan dute dantzariek. "Oso ongi" pasa ez ezik, "nahi duzuna lortzeko" lana egin behar dela ikasi dutela ere aitortu dute. Entsegu ordu asko daude koreografia baten atzean, lehiaketa baten atzean: "astean hiru edo lau egunetan entseatzen genuen. Egunean ordu bat eta 45 minutu eta larunbatetan goizez", azaldu du San Romanek.

Eta entsegu guzti horiek emaitzak izan dituzte. Hala ere, sariak ez zituzten espero: "Oihu Loreak-en kasuan bosgarren, laugarren eta hirugarren sariak esan zituzten, eta orduan pentsatu genuen honaino iritsi ginela. Baina bigarrenak Oihu Loreak esan zutenean zoragarria izan zen".

Dantza garaikidea oinarri zuten koreografiak prestatu zituzten lau taldeek. Hala ere, talde bakoitzak bere identitatea izan zuen agertokiaren gainean. Maitesuaren kasuan "lirikotik" gertu zegoen koreografia bat dantzatu zuten: "biraketaz" eta mugimendu "lasaiez" osatutako koreografia zen. Antzeko estiloan dantzatu zuten Arima taldeko kideek. Hala ere, musikak "bira asko eta politak" egiten zituela azaldu du Iraizozek. Oihu Loreak taldearen koreografia "garaikidea" zen, eta "kolpe" pila bat zituen. "Koreografia oso indartsua eta adierazgarria zen". Bestetik, Ilargiaren Alabak taldearen koreografiak ere musikaren "kolpeak" jarraitzen zituela aipatu du Iraizozek.


Ilargiaren Alabak taldea. Ezkerretik bigarrena Igone Augusto irakaslea. UTZITAKOA

Koreografia ez ezik, lehiaketako epaileek beste hainbat elementu baloratzen dituzte ere: dantzarien arteko koordinazioa, jantziak, dantzarien teknika, koreografiaren egitura, adierazpena... "Dantza batean egon behar diren gauzak".

Elkarrekin
Irantzu Gonzalez dantzaria, Madrilen dantza ikasketak egin ondoren, duela bost urte Altsasura itzuli zen. Orduan udalak antolatutako dantza ikastaroak ematen hasi zen. Garai horretan hasi ziren dantzan Koreografia Lehiaketan parte hartu zuten dantzariak. Oihu Loreak duela hiru sortu zen. Sant Cugat-eko Koreografia Lehiaketan parte hartu zuten Moon Dancers haur taldearekin batera. Saioa Iraizoz eta Haizea San Roman dantzariek parte hartu zuten lehenengo lehiaketa horretan, izan ere, taldeak gutxi aldatu dira urte hauetan. Gonzalezek adierazi duenez, "denak urte asko daramate elkarrekin dantza egiten, eta elkar ezagutzen dute".


Maitesua taldea. Ezkerretik lehenengoa Igone Augusto irakaslea. UTZITAKOA

Iaz ere Sant Cugat-eko Koreografia Lehiaketan parte hartu zuten Oihu Loreak taldeak, eta Arimaren lehenengo lehiaketa izan zen. Oihu Loreak-ek, gainera, bosgarren saria jaso zuen. Aurten Koreografia Lehiaketa berdinean parte hartu dute, baina "gertutasunagatik" eta "aldatzeagatik" Tarragonako ediziora joan dira lau taldea: Oihu Loreak eta Arima beteranoak, Ilargiaren Alabak talde berria lehiaketan parte hartzeko sortua eta Maitesua txikien taldea. Gainera, Igone Augustu dantzaria irakasle bezala ere mustu zen lehiaketan, izan ere, bi talde berrien irakaslea izan da.

21 dantzarik parte hartu zuten Tarragonako Koreografia Lehiaketan, tartean, mutil bakarra: Marcos Santos. Duela lau urte inguru hasi zen dantzan, eta hasieran jendeak "arraro" bezala ikusten bazuten ere, gaur egun beste dantzari bat da. Mutilak dantza egitera animatzen ditu Santosek, eta, horrela, "sentitzen dudana sentitzeko" aukera izan dezaten.

Emanaldiak
Oihu Loreak eta Arima taldeek Bilboko Dantza Moderno eta Urbano Lehiaketan parte hartuko dute apirilaren 7an. Denboraldiko azken lehiaketa izanen da, duela bi aste Euskadiko Lehiaketan eta Tarragonakoan parte hartu ondoren. Ekainean Azala ikuskizuna aurkeztuko dute Iortia kultur gunean lau taldeak, Irantzu Dantza Eskolako gazteen eta helduen taldeekin batera. Bestetik, Sutan taldeak Dance Worldcup Spain lehiaketan parte hartuko dute, Burgosen, apirilaren 13an.

Dantzariak
Oihu Loreak taldea

  •  Leire Zubikoa Barroso
  •  Ane Hernandez Zubelzu
  •  Saioa Iraizoz Erviti
  •  Intza  Iturrioz
  •  Leire Nuncio
  •  Eneritz Regil Fernandez

Arima taldea

  • Iraia Zubeldia
  • Marcos Santos Galvez
  • Izadi Barandiaran Leiza
  • Amaiur Goikoetxea Flores
  • Maria Ijurco Gonzalez

Ilargiaren Alabak taldea

  • Preslava Nirolaeva Nirolova
  • Leire Karasatorre Claver
  • Nahia Lumbreras 
  • Aroa González Palomo
  • Leire Aguirre Aldaz

Maitesua taldea

  • Paula Urabayen Ochoa Aizpurua
  • Haizea San Roman Iparraguirre
  • Iosune Sanchez Amiama
  • Olaia Carabias Herrero
  • Nora Pozueta Diaz