Justizia eskaera

Guaixe 2019ko mar. 22a, 09:15

Altsasu Gurasoak Jean Jambon barne ministro ohi eta Flandriako parlamentariekin.

Altsasu Gurasoak taldeko kideek horixe zabalduko nahi dute lau haizetara igandean, 12:00etan, suhiltzaileen parketik abiatuko den “Hau ez da Justizia” manifestazioarekin. Bruselatik parte hartzeko deia egin dute.

Igandeko mobilizazioaren atarian, Euskal Herriko makina bat ikastetxetan Altsasuko auziko zortzikotearekin elkartasun kontzentrazioak egin ziren atzo. Gaur, ohi bezala, 20:00etan, udaletxe parean kontzentrazioa eginen da. Horretan auzipetuen gurasoek, besteak beste, Bruselara egin duten bidaiaren berri emanen dute.

Izan ere, Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske ordezkaritza Bruselara joan zen herenegun eta gaur bueltatuko da. Asteazkenean Europako parlamentuan hainbat politikarik babestuta prentsaurrekoa eman zuten. Ondorengo bileran Portugal, Flandria eta Irlandako euro-parlamentariak bildu ziren. "Auziaren berri eman genuen, batzuk dagoeneko ezagutzen zuten. Denak laguntzeko eta auziaren berri zabaltzeko gogoz daude. Entzuten gaituen edozeinek ez du uste hau egoera demokratikoa denik". Guztien artean Altsasuko auzia Europan salatzen segitzeko proposamenak adostu zituzten.

Altsasutik joandako ordezkaritzak Flandriako Parlamentuan Belgikako barne ministro ohi Jan Jambonekin eta hainbat parlamentarirekin bilera izan zuen atzo. Auziaren berri eman ondoren, Jambonek "auziaren inguruko lanketa egiteko konpromisoa hartu du", azaldu du Goikoetxeak.
Arratsaldean Altsasu Gurasoak taldeko Bel Pozuetak estatu-indarkeriari buruzko ekitaldi batean parte hartu zuen Herrialde Katalanetako eta Korsikako ordezkariekin batera. Altsasuko auziaren kronologiaren errepasoa egin zuen. ICEC, Europar Hiritarren Nazioarteko Batzordeak, antolatutako ekitaldia zen. Erakunde horrek estaturik gabeko Europako nazioak biltzen ditu . Bruselako egonaldia despeditzeko, gaur, Belgikako Langileen Alderdiarekin (PTB) bilduko dira. Ramirez de Aldak esan duenez, "egin duguna, guretako inportantea da. Europan bozgorailu handia aurkitu dugu. Nahiz eta gure kasua txikia izan hemen handia bihurtzen da".

Handia
Aurreikuspenek diote igandean Altsasun izanen den manifestazioa jendetsua izanen dela. Hilaren 7an apelazio epaia jakin denetik hainbat herri eta hirietan protesta kontzentrazioak egin dira. Eta etziko manifestaziora etortzeko deialdiak oihartzun handia izan du. Kataluniako hainbat tokietatik autobusak etorriko dira, baita Asturias eta Madrildik ere. Eta, jakina, Euskal Herritik.

Altsasuko auziko atxiloketak izan zirenean, 2016ko azaroaren 14an, manifestazio jendetsua hartu zuen Altsasuk. Gauza bera gertatu zen hurrengo egunean. Zazpi espetxeratzeak jakin ondoren, azaroaren 20an Altsasu lelopean 20.000 pertsonek manifestazioa egin zuten herrian bertan. Aurreneko epaiketaren aurretik, 2018ko apirilaren 14an 50.000 pertsonek Justizia aldarrikatu zuten Iruñean. Kopuru hori 80.000 pertsonara arte igo zen epaia jakin ondorengo Hau ez da justizia manifestazioan, urte hartako garagarrilaren 16an. Aurrekariek ere igandekoa mobilizazioa jendetsua izanen dela aurreikusten dute. Bitartean, ostiralero moduan, hitzordua udaletxe parean da, 20:00etan.   

Bitartean abokatuek epaiaren jakinarazpen formala jaso berri dute eta hamar eguneko epea dute Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko. Jakina, epe bera dute akusazioek ere. Defentsek epai berria urte bukaerarako izatea aurreikusten dute.


250 pertsona
Gutxi gorabehera pertsona kopuru hori ari da lanean igandeko manifestazioa behar bezala egin dadin. Honako lantaldeak eratu dira: trafikoa, merchandising, kamixeta salmenta, barrak, muntaia eta desmuntaia, herria autoz hustekoa, aniztasun funtzionala, zintak, manifestazioko iruditeria, segurtasuna, esku-orrien banaketa eta garbiketa.


Ibilbidea
Altsasun barna 2.930 metroko ibilbidea eginen du manifestazioak igandean. Suhiltzaileen parke ondotik abiatuko da mobilizazioa eta Beheko benta eta Gartzia Ximenez kaleetatik barna sartuko da herrian. Behin Garbitoki eraikinera iritsita, ezkerrera egin eta Bakea kaletik Frontoi kalera joko du manifestazio buruak, Erkuden kaletik segitzeko. Ezkerrera eginen dute berriro, Gipuzkoa kaletik Bakea kalera joateko eta Zumalakarregi plazatik pasatzeko. Amaia kalea hartuko du gero mobilizazioak eta Idertzegain kale guztia inguratuz San Juan kaleraino joanen da. Etorbidea puntatik puntara zeharkatu eta manifestazio buruak Zelai kalean gora eginen du Zelai txiki kaleko bidegurutzeraino. Han oholtza izanen da. Antolakuntzatik manifestariei ibilbidea errespetatzeko eskatu diete.

Antolakuntzatik altsasuarrei laguntza eskatu diete, guztia behar bezala egiteko autoak garajeetan sartzeko eskaera egin dute. Batez ere, Zelai San Juan, Erkuden eta Bakea kaleetan. Erkuden eta Bakea kaleen artean etxebizitzen artean dagoen zelaia, Goia tabernaren atzeko aldekoa, aparkaleku gisa prestatuko da. Festa egunetan egiten den moduan, San Juan eta Zelai arteko bidegurutzetik Garbitoki eraikineraino Gartzia Ximenez kalea ibilgailuendako itxita egonen da eta oinezkoendako izanen da soilik.

Autokarabanak ikastolan
Altsasura aurreko egunetan etorriko diren autokarabanek Iñigo Aritza ikastolan aparkatzeko aukera izanen dute. Manifestazio egunean kanpotik etortzen diren autobusak eta autoak Ondarria eta Isasia industrialdeetan aparkatuko dute. Aniztasun funtzionala duten pertsonen aparkalekua Aminanespila kalean dago, Zelandi kiroldegiaren ondoan.

Lotarako lekua
Igandeko manifestaziora etorri nahi duten guztiei bidaia errazteko, lo egiteko aukera eskainiko zaie bisitariei. Larunbatean, 19:00etan, Foru plazan jarri dute hitzordua. Han daudenen beharren arabera manifestaziora etorritako pertsonei altsasuarren etxeetan edo frontoian emanen zaie ostatu. Frontoian bada, Kukuerreka elkartea gosaria emanen die.

Informazio puntuak
Bi izanen dira igandean. A-1 autobiatik etortzen direnek eta Altsasurako desbideraketa hartzen dutenek Zelai kalean, Lanbide Heziketa institutu ondoan, eta San Juan kalean, Aita Barandiaran adinduen egoitzaren ondoan izanen dituzte.

Diru iturriak
Mobilizazioaren gastuei aurre egiteko bidean zehar borondatearen truke pegatinak banatuko dira. Bestetik bi elkartasun postu izanen dira: manifestazioaren hasieran eta enplegu bulegoaren parean bestea. Elkartasunezko pintxo-potea dastatu nahi dutenek Foru plazan, enplegu bulegoaren parean edo Kukuerreka elkartean izanen dute.
 
Aniztasun funtzionala
Iruñeko manifestazioan egin bezala, aniztasun funtzionala duten pertsonendako manifestazioan laburbideak edo pasabideak antolatu dira. Bi zehazki: Garbitoki eraikinetik San Juan eta Zelai kaleen bidegurutzera joateko eta San Juan kaletik Zelai kalera joateko bestea. Akaberako ekitaldia behar bezala segi dezaten oholtzaren ondoan tokia eginen zaie aniztasun funtzionala duten pertsonei.

#AltsasukoakASKE
Sare sozialetan manifestazioari dagokion guztia igotzerakoan traola hori erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek.

Zuzenean
Manifestazioaren berri jakin nahi duenak igandean www.guaixe.eus web gunean edo Guaixeren sare sozialetan sartzeko aukera izanen du.