“Denbora aurrera doa eta egoera bera da”

Guaixe 2019ko mar. 25a, 22:05

Manifestazio akaberaren ikuspegia oholtzatik. Argazkiak: @Altsasugurasoak

Hala adierazi zuten atzo Zaballako espetxean preso dauden zazpi altsasuarrek. Hau ez da Justizia manifestazioan 60.000 pertsona elkartu ziren.

Preso daudenen izenean aske dagoen auzipetu bakarra, Ainarak, hartu zuen hitza. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak “kontakizun ofizialarekin bat egin zuen, gure helegiteei entzungor eginez, haiek eztabaidatu gabe. Zigorrak justifikatzeko kontraesankorrak diren argudioak daude, duten helbururako kontraesankorrak diren batzuk erabiliz”.  Preso auzipetuak “kezkatuta” daude “sortu nahi duten aurrekariarekin, eta erabiliak izateak amorratzen gaitu”.

Zigorrak handitzeko erabilitako gorroto astungarriaren erabilerarekin kezka azaldu zuten auzipetuek: “arau hori gutxiengoak, talde zaurgarriak eta bere ideologiagatik erasotuak diren pertsonak babesteko erabili beharko litzateke. Guardia Civila ez da talde zaurgarri bat eta erakunde gisa ez luke ideologiarik izan beharko. Astungarria guri ezartzeko Guardia Civilaren kontrako gure ustezko ideologian oinarritzen dira, epaiketan demostratu ez zena”. Euren kasua aurrekaria izan daitekeela eta etorkizunean antzeko zigor gehiago izan daitezkeela gaztigatu zuten Zaballan preso daudenek.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia emanez gero “berandu” izanen dela nabarmendu zuten zazpi presoek, “ordurako zigorra beteta izanen dugu”. Behin-behineko espetxeratzearen erabilera eta auzian izaten ari diren “atzerapenak” salatu zituzten zazpiek: “guztien artean 10 urte baino gehiago egin ditugu espetxean, antzeko kasu batean edozeinek pasako lukeena baino askoz ere gehiago”. Eta gogoratu zuten Espainiako Auzitegi Goreneko epaiak emandako zigorra bete beharko dutela: “epaitegi horretan konfiantza gutxi dugu. Berak auzian terrorismoa ikusi eta kausa Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratu zuen, epaile naturalerako eskubidea ukatuz. Auzitegi horretan, berandu iritsi arren, Justiziaren pareko zerbait lortu beharko dugu”.  Altsasuko auziaz harago “egunetik egunera nabarmenagoak diren injustizia gehiago” daudela gogoratu zuten auzipetuek.

Gurasoak
Altsasuko Gurasoak taldearen izenean Edurne Goikoetxeak eta Gotzon Urritzolak hartu zuten hitza.  “Justizia deitzen diren erakunde batzuen arrazoi faltak eta krudeltasunak hainbeste oinaze eta krudeltasun sortuko luketenik ez genuen imajinatzen duela bi urte eta erdi, atxiloketak izan zirenean”.  Gurasoek bizi izan dituzten “ankerkeria, botere gehiegikeria neurrigabea eta hainbeste injustizia” salatu zituzten.

Altsasuko auzian “justiziarik ez” dela izan esateko dituzten arrazoiak zerrendatu zituzten gurasoek. Lehenik, Guardia Civila aipatu zuten: “Foruzaingoa baztertuz ikerketa egin du, bere itzalaren babespean zaindu ditu auzia instruitu eta epaitu dituzten epaileak” (zazpi epailetatik lauk Guardia Civilaren kondekorazioa dute). Justizia administrazioa ere hizpide izan zuten Altsasu Gurasoak taldeko ordezkariek: “Non daude Justiziaren neutraltasun eta partzialtasun eza?” Eta “defentsa eraginkorrerako eskubidea urratu” zela gaztigatu zuten. Aldi berean salatu zutenez, “ez dagozkion astungarriak erabiliz Zuzenbidea bihurritu egin da. Errugabetasun presuntzioa ez da errespetatu. Gainera, epaiak gauzak demostratu beharrean hipotetikoak erabiltzen ditu”.

Horregatik eta gehiagogatik “Justizia ez” zela nabarmendu zuten gurasoek: “ez dira kontuan izan ezta baloratu ere ez probak ez lekukotzak”. Eta ezarritako zigorrak 2016an segurtasun indarren kontrako izandako  9.571 atentatuekin “alderatzerik ez dagoelako. Ez da Justicia hautsitako hanka  koxkor bategatik 72 urteko espetxe zigorra ezartzea”. Behin behineko espetxeratzearen “gehiegizko erabilera” ere salatu zuten. Gaur Adurrek, Jokinek eta Iñakik 862 egun egin dituzte preso Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek 283 (2016ko udazkenean 37 egun).

Gurasoek salatu zuten Justizia eza horren ondorioz “oinarrizko giza eskubideak urratzen” ari direla gaztigatu zuten: “bidezkoa eta inpartziala den epaiketa, defentsarako nahikoa berme izatea, askatasunarena, zigorren proportzionaltasunarena”. Altsasu Gurasoak taldetik azaldu zutenez, “eskubideok bermatu beharko lituzketen erakundeek beraiek erasotzen, bihurritzen eta zapaltzen dituzte, benetako botere gehiegikeria da”. Halakoak eragozteko gizarteak, alderdiek eta gizarte erakundeek zer egin beharko luketen galdetu zuten. “Garai batean bezala, nafarrak auzitegi arrotzetan ez izateko zer egin behar dugu? Nola sakondu demokraziaren kalitatean?”.  

Bi urte eta erdi irauten duen auzian lortutako lorpenak ere zerrendatu zituzten gurasoek: jasotako milaka sinadurak, parlamentuan ordezkatutako alderdiak manifestazioetan elkarrekin egotea, penintsulan barna, Europan eta Nazio Batuen Erakundean emandako azalpenak edota Nafarroako erakundeak “astakeria honen kontra azaltzea” ere.

Altsasu Gurasoak “demokraziaren kalitatearen, eta gure gizartearen elkarbizitzari eusten dioten oinarrizko eskubideen eta askatasunen alde konpromiso irakaspen handia ematen ari gara. Elkartasun eta humanitate eredua ematen ari gara. Sekula ezinen dugu eman diguzuen maitasuna, laguntza eta berotasuna eskertu”. Eskerrik asko zioen pankartarekin despedituz zituzten gurasoek manifestariak akaberan.

Plataforma
Altsasukoak Aske herri plataformako ordezkariek Espainiako Auzitegi Nazionalak, “salbuespen auzitegiak”, zigorrak berrestea gaitzetsi zuen: “horrela erakutsi du egia, justizia, eskubide zibilak eta bere prozesalak arbuiatzen dituela”. Epaiketa “irregulartasunez beteta” izan zela nabarmendu zuten. Guardia Civilak auzian “non-nahi” agertzen direla ere gaztigatu zuten: “epaimahairekin harremana, akusazio partikular gisa aurkeztuta, peritu arituta, testigantzak jaso aurretik txostengile izana…”. Herriak jasandako “okupazio militarra” ez dutela ahazten gaztigatu zuten.

Altsasuko epaia “interes politikoen ondorio” dela nabarmendu zuten, “hedabide batzuk lagundirik, fikziozko errealitatea asmatu zuten, zeina sorturiko sufrimenduaz aparte, giza ondorio larriak eragiten ari den: epai eredugarriak, 6 urtetako kartzelaldi prebentiboak, diskriminazio ideologikoen ondoriozko kalteak…”

Altsasukoak Askeko kideek gaineratu zutenez, “gero eta jende gehiagok ikusten du horren atzean zer dagoen. Min eragiten digute eta sufrimenduan sakontzen dute”, baina “duintasuna, egia eta askatasuna gailentzen ari dira”. Plataformako kideek auzipetuen askatasunaz aparte auziak, “muntaia honek interes hedakorrak ezkutatzen” dituela salatu zuten. “Badakigu ere, lanean eta mobilizazioan bi urte baino gehiago eman eta gero, zailagoa dutela. Beraien joko zikina desegiten ari gara”. Plataformako kideek, hala ere, “”Justizia aldarrikatzen segitzea” ezinbestekoa dela gaztigatu zuten. Eta horretan manifestariak “ezinbestekoak” zirela gaineratu zuten. Eta presoen askatasuna aldarrikatu zuten.

Hizlari guztiei manifestariei euren esker ona azaldu zieten. Eta jasotako laguntza eskertu zuten.

Hobetzekoak
Etorkizunean Altsasuk, edo Sakanako beste herriren batek, etorkizunean tamainako manifestazioa hartu beharko balu kontuan hartu beharreko batzuk badira. Hasteko eta behin herrirako sarbideak. Atzokoan Sakanako Autobian (A-10) eta Iparraldeko Autobian (A-1) auto erretentzioak izan ziren, 8 eta 5 km-koak hurrenez hurren. Hainbat gidarik Iturmendiko irteera baliatu zuten eta errepide zaharretik abiatu ziren Altsasurantz. Urdiainen aparkatu eta oinez joan behar izan zuten askok. Ibilgailuekin lotuta, aparkaleku gehiago egokitzeko beharra legoke.

Bestetik, tamainako mobilizazio batean manifestarien beharretako bat komunak izaten dira. Haien premia nabaritu zen atzo. Garbiketa lantaldearen lana erraztu zuten manifestariek eta ez zuten zabor handirik jaso. Aste osoa deiak jasotzen eta ezezkok ematen pasa dute ibarreko hotelak eta landetxeak. Eta antzeko egoera bizi izan zuten jatetxeetan. Eguberrien pare, jendea oso goizter mugitu zen ogi bila eta 10:00etarako okindegi batzuen eskaintza eskasa zen. Manifestazioaren ondoren manifestari askok Altsasu utzi bazuten ere, herrian asko gelditu ziren eta taberna asko generorik gabe gelditu eta itxiera aurreratu zuten.

Bezperatik jende asko etorri zen Altsasura. Otadiko Kristo deuna ermita inguruan 200dik gora autokarabana zeuden atzo goizen. Beste hainbat jendek altsasuarren etxean lo egin zuten.