Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak Altsasuko auziko epaia berretsi zuen hilaren 7an jakinarazitako epaian. Altsasun 2016ko lastailaren 15ean izandako gertakarietan terrorismorik ez zegoela ebatzi zuen atzera ere. Epaian aldaketa bakarra izan zen Iñakiren espetxe zigorra 10 urtetik 6 urtera jaitsi zela. Defentsako abokatuek berehala jakinarazi zuten epaiarekin ados ez zeudela 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorrak ezartzen direlako eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarriko zutela. Absoluzioa eskatzen dute.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Perals fiskalak kasazio helegitea aurkezteari uko egin dio. Beraz, bi urte eta erdi geroago Altsasuko gertakarietan terrorismorik ez zela izan onartu du. Ez horrela herri akusazio gisa ari den Covitek, helegitea aurkeztu baitu. Dagoeneko bederatzi epailek esan dute Altsasukoa ez zela terrorismoa izan: Nafarroako Lurralde Auzitegiak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Aretoak eta epaitegi bereko Apelazio Aretoak. Helegiteen ebazpena urte akaberan jakin liteke.