Ostiraleko kontzentrazioaren ondoren Altsasu Gurasoak taldeko eta Altsasukoak Aske herri plataformakoak esker ona adierazi zieten bertan izan ziren herritarrei. Baina esker on mezua herri osoari zabaldu zietan, martxoaren 24ko manifestazioa posible egiteagatik. “Hau guztia ahalbidetu zuen Auzolan Erraldoiarendako” beraz esker ona. Egin ziren lanak zerrendatu zituzten: “aurreko egunetan kaleak autoz husteko lanean aritu zen taldea; harmailak muntatu zituena; udaletxeko langileak; pankarta, kartel eta abar egin zituen taldea; Zelai kalean gauez zaintzen egon zen taldea; trafikoa zaindu zuten pertsona horiek guztiak; manifestazioaren alboetan segurtasuna zaindu zutenak; DYA; orriak banatu eta garbiketa egin zutenak; aniztasun funtzionalekoak, jaimak jarri zituztenak; pegatak saldu zituztenak; materiala saltzen egon zirenak; Kukuerreka Elkartea; pintxo pote egin zutenak; eskenatokia zaintzen zutenak; plataformetakoak; hizkiak eta aurpegiak eraman zituztenak; ekitaldikoak; musikariak….jendea hartzeko etxea ireki zenuten horiek guztiak… eta boluntario anonimo zerrenda luzea, manifestaldia berea eta denon erantzukizun gisan ulertu zenuten guztiak”.
Baina esker on adierazpena ez zen altsasuarrei mugatu, “erantzun zuen jende guzti horri” ere eskerrak eman zizkieten hainbat arrazoirengatik: “Altsasurekin anaitasun eta elkartasunez, Justizia aldarrikatuz, herriko kaleak bete zituzten 60.000 pertsona horiendako. Printzipioak eta uste osoak leialki mantentzen dituzten horiek, gero eta gehiago direnak. Nafarroa zein Euskal Herri osotik etorritakoak, baita Asturias, Galizia, Aragoi, Gaztela, Kataluniatik… Eta ezin ahaztu errepidean blokeaturik gelditu zirenak, herrira sartu ezinik gelditu zirenak”.