Hau ez da Justizia. Altsasukoak Aske! Leloa zuen manifestazioaren antolatzaile izan ziren pertsona eta erakunde laguntzaileei, baita manifestariei ere, “esker on zintzoena eta handiena” adierazi die Altsasuko Udalak. Hala egitea erabaki zuen joan den asteazkeneko udal bilkuran. “Beste behin ere, eta Altsasuko auziarekin lotutako aurreko deialdietan bezala, parte-hartzaileen jokabidea eredugarria izan zen”.
Udaletik gogorarazi dute aipatu mobilizazioa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak Altsasuko auziko epaia berretsi ondoren egin zela. Auzi horretan epaitu ziren “2016ko lastailaren 15eko gauean, ferietan, taberna batean izandako gertaera tamalgarriak, zeinetan kalez jantzitako bi guardia civil eta euren bikotekideak zauritu zituzten”. Udalak ere gogorarazi du Bozeramaileen Batzordeak onartutako Erakunde Adierazpen bidez aipatu manifestazioarekin bat egin zuela.