Arima dantza taldea bigarren Bilboko Dantzatu lehiaketan

Guaixe 2019ko api. 9a, 14:12
Arima, Oihu Loreak eta Sutan dantza taldeetako kideak sariarekin. UTZITAKOA

Irantzu Gonzalez dantza eskolako Arima eta Oihu Loreak taldeek, eta Altsasuko Sutan dantza taldeak parte hartu zuten asteburuan Bilbon egin zen Dantzatu lehiaketan

Dantzatu lehiaketa egin zen igandean, apirilaren 7an, Bilbon eta Irantzu Gonzalez dantza eskolako bi taldek parte hartu zuten: Oihu Loreak eta Arima. Gainera, eskolako hiru irakaslek osatzen dute Sutan taldeak ere parte hartu zuen. Sari batekin etorri ziren etxera, Arima taldeak irabazitako bigarren saria. Lehiaketan maila altua zegoela esan dute dantzariek. 

Ez da Arima dantza taldearen lehenengo saria, izan ere, Tarragonan duela pare bat aste egin zen koreografia lehiaketan laugarren saria irabazi zuen. Tarragonan ere parte hartu zuen Oihu Loreak taldeak eta bigarren saria jaso zuen. Bilboko lehiaketarekin amaitu dute bi taldeek lehiaketa denboraldia. Ekainaren 22an Altsasuko Iortia kultur gunean eginen duten Azala ikuskizuna prestatzen hasiko dira orain. 

Beste aldetik, apirilaren 13an Sutan dantza taldeak Burgosen eginen den Dance World Cup Spain dantza lehiaketan parte hartuko du. Lehiaketa horretan ere Saioa Iraizoz dantzaria ariko da bakarlari bezala ostegunean, apirilaren 11an.

Erlazionatuak