Dendek erosketa etxera eramanen dizute

Guaixe 2019ko api. 12a, 10:16

Jendea Altsasuko San Juan kalean.

Ibarreko 20 komertziok euren bezeroei erosketa etxera eramateko zerbitzua eskainiko dute astelehenetik aurrera.

Erosketa guztiak egin gabe kaleetan barna poltsekin ibiltzea zeini ez zaio tokatu. Edo gauza batzuk erosi, etxean gehiagoren beharra izan baina ez erostea, gaixo edo adindua izateagatik karga etxeraino ezin duelako eraman. Edo… Makina bat arrazoi daude erosketa esperientzia ase gabe uzteko. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko 20 dendek bere bezeroei zerbitzu gehigarri bat eskainiko diote: egindako erosketak etxera eramatea.

Elkarteko buru Ainhoa Alvarez Diez de Arkaiak azaldu digunez, “astelehenean abiaraziko dugu zerbitzua. Proba moduan hasten den esperientzia hau Sakanan zerbait berritzailea da. Harekin, kalitatea eta dendariaren konfiantza baloratzen duten tokiko merkataritzako ohiko bezeroen beharrei erantzun nahi diegu”. Diezek argitu digunez, “behin erosketa eginda, bezeroak eta dendariak erosketa zein helbideetan eta noiz eman lotuko dute. Gainera, bezeroak bere harremanetarako telefonoa utziko du”. Ondoren, MRW enpresak erosketak etxera eramanen ditu. “Goizean egindako erosketak arratsaldean, eta arratsaldean egindako erosketak hurrengo goizean”.

Elkarteko buruak argitu digunez, “logistika enpresarekin lan egiteak kostuak merkatzea eta lehiakorrak izatea dakar. Hala ere, denda bakoitzak erabakiko du zerbitzua dohainik eman edo hari gutxieneko prezio bat jartzea”. Diezek azaldu duenez, zerbitzuaren probaldiak Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza izanen du.

Asmo gehiago
Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak joan den urtean ibarreko denden gida argitaratu zuen: www.sakanakogida.eus. Web gune horri edukiak emateko aurreneko ekimena da erosketak etxera eramateko zerbitzua. Elkartekideek hori eta gehiago jaso nahi lukete telefono mugikorrerako egin nahiko luketen aplikazioan. Bitartean, erosketak etxera eramateko zerbitzuaren eskaintzarekin denda gehiagok bat egitea espero dute.

Sakanako Merkataritzaren Plan Estrategikoaren aurkezpenean Ikei aholkularitzako kideek gaztigatu zutenez, “ibarreko merkataritzak modernizatu beharra du, kontsumo ohitura berrietara egokitu behar da merkataritza eskaintza”. Eta erosketak etxera banatzea, Internet, telefono edo whatsapp bidezko eskaerak jasotzea eta bestelako neurriak jaso ziren planean. Gaur egun 483 establezimenduk 882 sakandarrei ematen diete lana.

Non erabili zerbitzua?
Txartel Kopia, Arkatz liburu-denda, Asensio moda, Ekin boutique, Izara, Iker Kirolak, Joselen moda, Larka emakumea-gizona, Lasa Kirolak, ML gizonezkoen moda, ML emakumezkoen moda, Sakana optika, Tu tienda especial, Txikitxo, Xagu informatika, Gertu Sakana, Akeita kafetegia, Luresu, Intxostia kirolak, Bengoetxea eta Pinpilinpauxa haur moda.

Erlazionatuak