Altsasuarrak 900 egun preso

Guaixe 2019ko mai. 2a, 09:30

Altsasuko udaletxe parean dagoen egunen kontagailua gaur.

Altsasuko auziagatik preso dauden Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 900 egun egin dituzte kartzelan. Fiskaltzak bezala, Covitek ere ez dio Apelazio Aretoaren epaiari helegitea jarriko .

2016ko lastailaren 15eko goizaldeko gertaerengatik preso dauden zazpi altsasuarretatik hiruk, Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 900 egun egin dituzte preso. 2016ko azaroaren 14an atxilotu eta Soto del Real espetxean sartu zituzten. Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auzian terrorismorik ez zegoela ebatzi arte FIES edo jarraipen bereziko presoen fitxategian izan ziren kartzelan, 2018ko garagarrilaren 7ra arte. 900 egun horietan Adur Soto del Real, Aranjuez, Iruñea eta Zaballako espetxeetatik pasa da. Jokin, berriz, Soto del Real, Extremera eta Zaballa kartzelak ezagutu ditu. Azkenik, Oihan Soto del Real, Navalcarnero eta Zaballa espetxeetatik pasa dute.

Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen bigarrenez 2018ko garagarrilaren 5ean atxilotu zituzten. Baina 2016ko azaroaren 14an ere atxilotuak izan ziren eta 37 egunez preso egon ziren. Bi kartzelaldiak kontuan izanik, laurek urtea eginen dute preso. Azken atxiloketaren ondoren Soto del Real espetxean sartu zituzten eta joan den urteko irailean Zaballara lekualdatu zituzten. Iñaki Arabako kartzelara iritsi aurretik, Iruñekotik pasa zen.

Helegiterik ez
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren epaiari Covitek helegitea ez dio jarriko. Fiskalak aurretik jakinarazitako erabaki bera hartu du Covitek. Ruben Mujika elkarteko abokatuak zehaztu du “lege arrazoi teknikoak” daudela erabaki horren atzean. Auzia uzteko asmorik ez dutela gaineratu zuen. Covite izan zen Espainiako Auzitegi Nazionalean terrorismo salaketa jarriz Altsasuko auzia Nafarroako auzitegietan ez epaitzeko ekimena hartu zuena. Espainiako Auzitegi Nazionalean izandako bi epaiketetan Altsasuko gertaeretan terrorismorik ez dagoela ebatzi dute.


Bisita
Pasa den astean, ostegunean, Altsasuko Udaleko ordezkaritza Zaballan preso dauden zazpi altsasuarrak bisitatu zituen. Javier Ollo alkatea eta Arantza Bengoetxea eta Virginia Alonso zinegotziak gazteekin bi ordu izan ziren hizketan.