Negurako bost udaltzain lanean izanen dira

Guaixe 2019ko mai. 7a, 08:53
Udaltzaingoaren autoa udaletxe parean.

2018ko abenduko deialdira aurkeztutako bost hautagaiek probak gainditu dituzte eta Nafarroako Segurtasun Eskolan ikastaroa eginen dute heldu den astelehenetik aurrera.

Altsasuko Udalak abenduan udaltzain bat kontratatzeko deialdia egin zuen. Hara aurkeztutako hautagai guztiek gainditu dituzte proba guztiak eta udaltzain izateko azken pausoa astelehenean emanen dute: Nafarroako Segurtasun Eskolan ikastaroa hasi. Hura despedituta, abenduan, Altsasuko Udalak bost udaltzain berri izanen ditu. Eta haiei gaur egun dauden bi laguntzaileak gehitu behar zaie. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, udalaren asmoa da heldu den urtean beste bi udaltzain plaza betetzeko deialdi berria egitea.

Alkateak gogorarazi duenez, 2018ko abenduan egindako deialdiarekin plaza bat bete nahi zuten, baina deialdian bertan beste udaltzain plaza bat betetzeko aukera aipatzen zen. Lan deialdia egin den bitartean, udalak Nafarroako Gobernuaren bidez 2014an egindako lan deialdiaren emaitza jakin zen: oposizioa egiteko probara ez zen inor aurkeztu eta deialdiko hiru lanpostuak hutsik gelditu ziren.

Altsasuko Udalak orduan Nafarroako Gobernura jo zuen martxan zen oposizioan aurkeztu eta gainditzen zuten hautagai guztiak udaltzain bihurtzeko. Eta baiezkoa jaso du. Beraz, 2014ko deialdiko hiru udaltzain lanpostuak eta 2017an eta 2018an jubilazioagatik hutsik gelditu ziren udaltzain plazak beteko dira. Ollok esan duenez, “zenbait legegintzaldi udaltzain berririk sartu gabe egon ondoren, Altsasuk agente berriak izanen ditu, herrian gertuko hiritar segurtasun zerbitzua bermatuko duena”.

Hitzarmena
Altsasuko Udaltzaingoak gaur egun bi laguntzaile besterik ez ditu. Ollok jakinarazi du Udaltzaingoak egunero goiz eta arratsaldez zerbitzua emateko 7 agente behar dituela. Bitartean,  hiritar segurtasun zerbitzua eskaintzeko Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen. Ondorioz, 2018ko garilaren 1az geroztik Foruzaingoak aldi baterako udaltzainen lan batzuk egiten ari da. Egunez eta gauez patruilatze lana egiten dute foruzainek. Hitzarmena sei hilabetetik behin berritzen dute bi administrazioek. Oraingoaren indarraldia garagarrilaren 30ean despeditzen da.