Altsasuko hiru udaltzainen oposizioa bertan behera

Guaixe 2019ko mar. 30a, 10:57

Udaltzainen ibilgailua udaletxe parean aparkatuta.

Lehen ariketa egiteko egunean ez zen inor agertu eta lanpostuak bete gabe gelditu dira.

Altsasuko Udalak udaltzaingoko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onartu zuen 2014an. Beste udal batzuekin batera, Nafarroako Gobernuaren bidez deialdi bateratua egin zuten. Oposizioaren administrazio prozeduran aurkeztutako helegiteak prozesua asko luzatu zuten. Ilbeltzaren 24an Altsasuko deialdian onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartu zen. Oposizioko lehen ariketa egiteko tokian eta egunean ez zen izangai bat ere aurkeztu. Beraz, Altsasuko Udaleko udal agente izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deitutako hautapen prozesuan lanpostuak bete gabe gelditu direla deklaratu dute.

Altsasuko Udalak gaur egun udaltzain lanpostu bat betetzeko deialdia martxan du. Deialdiak berak jasotzen zuen bigarren lanpostu bat betetzeko aukera. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu digunez,   bost pertsona aurkeztu dira deialdira eta bostek proba teorikoa eta fisikoa gainditu dituzte. “Orain proba psikoteknikoa eta mediku probak egin beharko dituzte. Bostek guztia gainditzen badute deialdia handitzeko ahalegin guztiak eginen ditugu. Horrela, 2017an eta 2018an jubilatutako agenteen plazak eta aurreko deialdian hutsik gelditu zirenak beteko genituzke”. Hala balitz, bost pertsona horiek Nafarroako Segurtasun Eskolan sartuko lirateke eta azaro akaberan udaltzain gisa lanean hasiko lirateke.

Altsasuko Udaltzaingoak gaur egun bi laguntzaile besterik ez ditu. Ollok jakinarazi du Udaltzaingoak egunero goiz eta arratsaldez zerbitzua emateko 7 agente behar dituela. Bitartean, Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen, Foruzaingoak aldi baterako udaltzainen lan batzuk egin zitzan.