Hezkuntzan musika aldarrikatzeko, plazara

Guaixe 2019ko mai. 13a, 13:02

Altsasu eta Alaitz institutuetako ikasleak maiatzaren 2ko kontzertuan.

Barañaingo Alaitz eta Altsasu institutuetako 250 bat ikaslek kontzertu erraldoia eskaini zuten maiatzaren 2an. Kontzertua 'Musiqueando' ekimenaren barruan sartzen da

"Musikaren helburua da egiten duguna, sentitzen duguna, transmititzea, eta transmititzeko kontzertuak daude". Iñigo Aldunate Altsasu institutuko irakaslea da. Aurreko ostegunean, maiatzaren 2an, urtero bezala ikasturte amaieran, kontzertua erraldoia egin zuten Altsasuko eta Barañaingo Alaitz institutuetako ikasleek. Guztira, 250 ikasle inguruek parte hartu zuten Iortia zabalgunean egindako ikuskizunean. Gainera, kontzertu honekin Musiqueando ekimenarekin bat egin zuten. Klasetan lantzen dutena kalera, plazara, ateratzen dute ekimen honen bidez. "Erronka bat da", baina kontzertua egitea, irakasgaiaren egunerokotasunean txertatu dute.

Musika irakasgaia dagoen DBH mailetako ikasleek parte hartu zuten Musiqueando kontzertuan. Hau da, DBH 1go eta 3. mailetako ikasle guztiak eta DBH 4. mailan hautazko irakasgaia musika aukeratutako 18 ikasleek. Altsasuarrak 200 bat izan ziren eta Alaitz institututik 50 ikasle etorri ziren. Gainera, Barañaindarrak ikasle "bereziak" dira. Arte eszenikoen batxilergoko ikasleak dira. Alaitz da Nafarroan batxilergoko ibilbide hau eskaintzen duen ikastetxe bakarra. Ikasle hauek musikaren, dantzaren eta antzerkiaren munduan murgilduta daude. Kurrikuluma horri bideratuta dago: "profil berezia dute, artistagoak dira". Ugandako eskola bat laguntzeko antzerki musikala egin zuten, eta Altsasuko kontzertuan musikalaren pieza batzuk ikusteko aukera egon zen. "Berezia izan zen". Maiatzaren 7an Altsasu institutukoek bisita itzuli zieten, eta kontzertua Barañainen egin zuten.  

Kontzertu erraldoia
Kontzertu bat egin behar dutela dakitenean ez dutela sinesten dio Aldunatek: "ez dute sinisten abestiak buruz ikasiko dituztenik, kontzertu bat egingo dutenik". Txirula jo eta partitura irakurri ez ezik, beste hainbat gaitasun ikasten dituzte: "batzuek play back egiten dute, baina hori du garrantziarik. Bakoitza dakienarekin parte hartzea eta han egotea da handiena".

Kanta guztiak desberdinak dira. Baita musika ikasleen mailak dira. "Ez bakarrik 1go edo 3. ikasmaileen artean, klase baten barruan ere gaitasun ezberdintasunak daude". Hortaz, ikasle batzuek errazago hartzen dituzte melodiak eta beste batzuei gehiago kostatzen zaiela azaldu du Aldunatek. Horretarako, partiturak zailtasunaren arabera margotzen dituzte, eta horrela ikasleek badakite abesti hori jotzeko gai diren edo ez. "Kontzertuan kanta asko daude, gehienak ikasi behar dituzte parte hartzeko, baina bat ez jakiteagatik ez da ezer gertatzen". Kontzertuan isilik egotea ere ikasteko zerbait badela adierazi du.

Hezkuntza
"Musikaren zati handi bat praktikoa da. Guk zati praktiko hori kontzertura bideratzen dugu". Abenduan, gutxi gora behera, hasten dira kontzertu prestatzen. Ikasle gehienek txirula jotzen dute, baina beste hainbat instrumenturen laguntza dute: pianoa, tronpeta, tuba, baxua, gitarra, txistua, bateria... "Instrumentuak jotzen dakitenen artean irizpidea da bertakoak lehentasuna dutela".

"Zailena goizeko entsegua izaten da". Lehenengo su proba da. "Luzea egiten zaie askotan errepikatu behar delako eta arreta mantentzea kostatzen zaie, baina ulergarria da". Arratsaldean, gurasoen, senideen eta publikoaren aurrean, "gogo, ilusio eta arreta guztia jartzen dute".

2001. urtean batu zen Altsasu institutua Leitzako, Lekarozko, Doneztebeko eta Berako zentroek elkarlanean egiten zituzten kontzertuetara. Joxan Zabalo zen orduko irakaslea eta Leitza, Lekaroz eta Doneztebe herrietako institutuko ikasleekin batera egiten zen. Ikastetxeen arteko parte hartzea aldatu den arren, kontzertu erraldoiak "urteroko kontua" da.  Aldunate 2011. urtean etorri zen Altsasu institutura eta ordutik iruñerriko institutuekin kontzertua antolatzen du. "Irakasleek antolatzen dugu hau, beraz, ezagunen artean hitz egiten dugu".

Aldarrikapena
Hezkuntza musikalaren garrantzia aldarrikatzeko COAEM musika irakasleen elkartea sortu zen estatu mailan. "Kontzertu erraldoi hau aurretik egiten genuen, ondoren elkartea sortu zen eta bertan adostu zen egun bat aldarrikapen moduan hartzea". Musiqueando da egun hori, eta musika geletatik plazetara eta kalera ateratzen dute, musikaren presentzia sustatzeko. Aurtengo Musiqueando eguna apirilaren 11n egin zen, baina "oporrak nahiko berandu izan zirenez" beste egun batean ospatu zuten eguna Altsasu institutuko musika ikasleek eta irakasleak. Nafarroan 2700 ikasle inguruk parte hartu zuten Musiqueando ekimenean.

Musika ikasketa "gauza askorengatik" da garrantzitsua, hala ere, Aldunatek kontzertu honetan "talde lanean aritzea" nabarmentzen du. "Denek zaindu behar dute noiz jotzen duten, zer jotzen duten, noiz isiltzen diren...". Eta 250 lagunean artean helburua lortzen da. Bestetik, musikak ere garapen pertsonalean, erritmoan, irakurketan edota matematikan laguntzen duela azaldu du musika irakasleak.