Parte hartze aurrekontuen kopurua bikoiztu eginen da

Guaixe 2019ko mai. 18a, 10:27
Iortia kultur gunean joan den urtean jarritako hautestontzia.

Altsasuarrek euren botoarekin erabakiko dute udalak 40.000 euro zertara bideratuko duen.

Herritarren parte hartzearen bidez Altsasuko Udalaren diru sail bat zertan inbertitu erabakitzea. Horretan datza parte hartze aurrekontuak eta Altsasun estreinako esperientzia joan den urtean izan zuten. Altsasuarrek erabaki zuten udalaren 20.000 euroak finkoa ez den karpa bat erostera bideratzea. Aurreko urteko esperientziaren ondoren, Altsasuko Udalak parte hartze aurrekontuko diru-saila bikoiztea erabaki du. 40.000 eurori zer erabilera emanen erabaki beharko dute altsasuarrek.

Joan den urtean bezala, udalak altsasuarren proposamenak jasotzeko epe bat zabalduko du. Ondoren udalean aurrekontuarekin bat datozen eta bideragarriak diren lau proposamen aukeratuko dituzte. Horien artean bat aukeratu beharko dute altsasuarrek eta horretarako www.altsasu.eus bidez edo udaletxera joanez botoa eman beharko dute. Joan den urtean 952 altsasuarrek eman zuten botoa.

Lanak
Zelandi eskolan udan berrikuntza lanak eginen ditu Altsasuko Udalak. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, “segurtasun neurrietara egokitzeko”, ikastetxeko sarrerako eta beheko solairuko ateak berrituko dira. Egungoak 1977koak dira. Lan horiek 23.000 euroko kostua dute. Hori pagatzeko Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntza jasoko du udalak. Bestetik, eskolako behe solairu guztia margotuko dute. Lan horiek 25.000 euroko aurrekontua dute.

Aipatu lanekin batera, udaleko Lanen Zerbitzuak hainbat kaleetako zoladuran zeuden zuloak tapatu dituzte. Horretarako erabilitako brea Altsasuko Orsa enpresaren asfalto fabrikakoa da. Udalak harekin hitzarmena du eta brea doan jasotzen du. Udal zerbitzu berak 30 bat zuhaitz ere landatu ditu azken astetan. Aldi berean, oinezkoen segurtasuna hobetu asmoz, zebrabide goraturen berri ematen duten zutikako zenbait seinale berritu ditu udalak.