Udalak superabitarekin itxi ditu joan den urteko kontuak

Guaixe 2019ko mai. 24a, 10:47
Zumalakarregi plazan lanak heldu den hilabetean hasiko dira.

Hurrengo bilkuran 155.000 euro balioko aurrekontu moldaketak bozkatuko dituzte.

Altsasuko Udalak atzo egindako bilkuran bere finantza egoera osasuntsua nabarmendu zen. Joan den urteko diru kontuak behin betiko itxita udalak 1.056.000 euroko superabita du, diru sarrerak gastuak baino handiagoak izan zirelako. Aparteko sarrera izan zituen udalak eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergari esker eta, horregatik, itxi zuen urtea positiboan.

Hala ere, Madrildik ezarritako lege mugak direla eta udalak ezin du nahi beste diru inbertsioetara bidali. Joan den urtean diruzaintzako gerakinetik 400.000 euro bideratu zituzten inbertsioetara. Udal ordezkariek dirua honako inbertsioetara bideratzea erabaki zuten: kaleen zolatzea; Txiki  Polita kaleko zoladura eta Zelai kaleko zebrabide goratuak berritzea; Idertzegain kalean barandilla bat jarri; etxegabeen aterpe berria egokitzea; udal haur eskolako berogailu sistema berritzea; Iortia kultur guneko areto nagusian soinu ekipo berria jartzea;  parte hartze aurrekontuen bidez erabaki zen karpa mugikorra erostea; kultur guneko eta Zelandi kiroldegiko argiteria LED teknologiarekin ordezkatu; baso lanak; Balankalekuko iturria konpontzea eta udaletxean igogailua jarri, teilatua konpondu, berogailu sistema berritu eta komunak egokitzeko lanetarako.

Udalak aginduta gaur egiten ari diren zenbait lan ere diruzaintzako gerakinarekin finantzatzen ari da: argiteria publikoa berritzeko eta LED argiak jartzeko lanen lehen fasea; Isidoro Melero eta Ermita kaleetako sareak eta zoladurak berritzeko lanak eta heldu dne hilean hasiko diren Amaia eta Bakea kaleetako eta Zumalakarregi plazako lanetarako.

Udalaren diruzaintzako gerakina guztira 3.488.000 eurokoa da. Beraz, udalak aipatutako inbertsioak egiteko nahikoa berme du. Hala, hurrengo bilkura batean aurtengo aurreikusitako inbertsio batzuk onartzea aurreikusten dute: Ondarria  industrialdeko argiteria publikoko kanalizazioa berritzea (98.000 euro); Zelandi eskola margotzeko (25.000 euro) eta parte hartze aurrekontuetarako diru saila (40.000 euro).

Bestalde, udalak Amaia eta Bakea kaleetako sareak eta zorua berritzeko eta Zumalakarregi plazako zorua berritzeko lanak eman zituen atzo. Lanak Apezetxea Anaiak SL enprsak eginen ditu eta horien truke 1.192.227,79 euro  (BEZ kanpo) jasoko ditu. Lanak garagarrilean hasiko dira.  Kaleetako lanak zortzi hilabetetan despedituko dituzte eta plazakoa hirutan.
Altsasuko Udalak atzo egin dako bilkuran udal Musika eta Dantza Eskolako 2019-2020 ikasturteko prezioak bere horretan uztea erabaki zuen. Bukatzear den ikasturtean estreinakoz errentaren araberako matrikula pagatu da eta sistema horri eutsi dio udalak.