Momotxorroak, odolaren errituala, irteeraren indarra eta plazako Akelarrearen sua dira Altsasuko herri inauterietan argazkilariek gehien bilatzen dituzten irudiak. Aurten lehenengo aldiz herri inauterien batzordeak eta Altsasuko Udalak inauterien argazki lehiaketa antolatu dute. Izan ere, batzordeko kideek azaldu duten bezala, urtero argazkilari asko ikusten dituzte momotxorroen artean, baina argazki horiek gero ez dira publikora iristen. Lehiaketaren bidez inauterien irudi esanguratsuenak herriari erakutsi nahi diete. Inauterien aurretik egiten de ikastetxeen arteko erakusketan ikusgai egongo dira lehiaketara aurkeztutako 39 lanak, tartean hiru irabazleenak ere.
Lan gehienak Altsasutik kanpo aurkeztu direla nabarmendu dute batzordeko kideek, "altsasuarrak egun horretan inauteriez disfrutatzen" omen daudelako.
Aurreko ostiralean herri inauterien lehenengo argazki lehiaketaren sari banaketa emanaldi xumea egin zuten. Hiru sari egon ziren, lehiaketaren oinarrietan aurreratu bezala: lehenengo saria 200 eurokoa, bigarrena 120 eurokoa eta hirugarren 80 eurokoa. Gainera, hiru irabazleek inauterietako zapi koadroduna jaso zuten. Maria Angeles Albarran barañaindarrak irabazi zuen lehenengo saria Indarra argazkiarekin, bigarrena Mañerura joan zen eta Ivan Rodriguezek irabazi zuen. Odola eta sua deitzen zen argazkia. Hirugarren saria Jon Busto altsasuarrak irabazi zuen Gorri lanarekin. Nagore Diaz, Saray Vilariño, Guzman Lobo eta Baliko Piloto argazkilariak, Joseba Salegi zinemagilea eta Patricia Paats margolaria izan ziren epaimahai kideak.
Momotxorroak dira hiru argazkietan pertsonai nagusia, adiera ezberdinetan. Hiru irabazleek inauteriak eta argazkigintza uztartu zituzten, hau da, inauteriak ikusi ez ezik, argazkiak ateratzeko baliatu zuten.
Indarra, Odola eta sua eta Gorri
Momotxorro baten lehenengo planoa da indarraren keinua egiten izan da argazki irabazlea, eta keinu horrek izenburua jartzen dio argazkiari: Indarra. Maria Angeles Albarranek frontoian egin zuen segizioa atera aurretik. Egileak Interneten Altsasuko inauterietako argazkiak ikusiak zituen eta Altsasura lehenengo aldiz etortzea erabaki zuen. "Ez nituenez ezagutzen probatu nahi nuen, eta lehiaketa zegoela jakin nuenez primeran egongo zela pentsatu nuen". Atentzioa deitzen zion jendea odolez zikintzea, "nahiko zirraragarria da". Jendea odolez zikinduta ikustea zen, beraz, barañaindarrarendako helburua. Hala ere, "denborarekin ez bazoaz" argazki politak ateratzea zaila dela esan du, "jende asko dago". "Kontua galdu" zuen zenbat argazki egin zituen, eta guzti horietatik hiru aukeratu zituen lehiaketara aurkezteko. Albarran argazkigintza zalea da, eta hainbat lehiaketetan parte hartu du, baina irabazten duen lehenengoa izan da Altsasuko inauterien argazki lehiaketa.
Ivan Rodriguez ere argazkigintza zalea da. Zaletasuna bada ere noizbehinka, bikotekidearekin, lantxo batzuk egiten ditu. 2017an etorri ziren lehenengo aldiz Altsasuko inauterietara, eta iaz errepikatzea erabaki zuten. Datorren urtean ere, zerbait "garrantzitsua" gertatzen ez bada itzuliko direla esan du mañeruarra. Inauteriak ezagutzen zituenez oso argi zeukan egin eta aurkeztu nahi zuen argazkia: "momotxorroaren silueta bat fondo laranjarekin". Nahiz eta, "ehuneko ehunean argazkiak ateratzen ez aritu", espero zuena baina hobe atera zela esan zuen. Izan ere, lagun batzuekin etorri ziren eta ezin izan zuten argazkiak egiten nahi bezala aritu. "Momotxorroen aurretik joatea eta denborarekin aritzea gustatuko litzaiguke. Plazara iritsi ginenean jendez beteta zegoen". Hortaz, argazki gutxi egin zituen. Odolaren errituala zen Rodriguezen beste objektibo bat, baina jende "ikaragarri" asko zegoela esan du. "Argazki on bat egitea oso zaila du gu geu ari garelako argazkia apurtzen". Altsasuko inauteriak argazkiak egiteko asko gustatzen zaio, "herri guztiak parte hartzen du eta txoko bakoitzak gauza desberdinak eskaintzen ditu". Argazki "artistiko" asko egiteko aukera ematen dituela gaineratu du.
Altsasuko herri inauterien argazki lehiaketan altsasuar gutxi aurkeztu dira, batzordeko kideen esanetan. Haietako bat Jon Busto izan da. Gainera, hirugarren saria irabazi zuen Gorri lanagatik. Argazkilaritza eta mendizaletasuna uztartzen ditu Bustok, baina argazki lehiaketa zegoela jakitea argazkiak egitea probatu zuen. "Kanpotik ikusi nuen, odolaren errituala ikustera joan nintzen eta gero irteera ere turista edo beste edozein pertsona bezala ikusi nuen". Haurrekin zegoenez, ezin izan argargazkiak nahi bezala egin, baina Gorri lana burutzea lortu zuen. Normalean inauteriak disfrutatzen dituela esan du eta argazkiak egiteko "bi edo hiru ideia" bazituen. Eta horietako bat egitea lortu zuen. Zelandi ikastetxeko momotxorroen irteeran izan zen, bengalek guztia gorriz tindatzen dutenean. Argazki lehiaketara aurkeztea "ilusioa" sortzen duela izan da, "bizipoza". Hortaz, datorren urteetan "beste saiakerak egitea" ez du alde batera uzten. Ildo beretik altsasuarrak inauterietan argazkiak "beldurrik gabe" egitera animatu ditu.