Ospak garagarrilaren 22rako egin du deia

Guaixe 2019ko eka. 1a, 09:51

Hilaren 22ko jardunaldien aurkezpen jendetsua egin zuten.

Egun osoko egitaraua prestatuko duela jakinarazi du, “autonomietako polizia indarren errepresio izaera” aztertuko duen mahai-ingurua eta manifestazioa barne.

Ospa mugimenduko kideak garagarrilaren 22an “kalera aterako gara errepresio eta okupazio indarrei tinko mantenduko garela erakusteko. Errepresioaren aurrean elkartasuna eta antolakuntza aukeratzen ditugula argi eta garbi esateko”. Egun osoko egitaraua antolatu dutela jakinarazi dute, baina bi ekitaldiren berri aurreratu dute soilik. Aurrena, “polizia indar zipaioen errepresioa sufritu duten hainbat pertsona” bilduko dituen mahai-ingurua eginen dute, “polizia integralak Euskal Herriko okupazioan eta errepresioan beteriko papera aztertzeko, eta gizartean betetzen duten funtzioaren inguruan hausnartzeko”. Iortia kultur gunean izanen da, 12:00etan. Bestea manifestazioa da, Noiz arte, Foruzaingoa lelopean eginen dena.

Ospako kideek Altsasuko Udalak eta Foruzaingoak itxitako hitzarmena eta haren “eragina” salatu zituzten: “aurretik jada handia zen kontrol soziala ikaragarri areagotu da eta altsasuarrok Foruzaingoaren presentzia itogarria sufritu behar dugu. Horri guztiari Guardia Civilak duen presentzia agerikoa gehituta, Euskal Herri jazarria eta okupatuta jarraitzen duen seinale”. Ospako kideen iritziz, Foruzaingoa “errepresio indar okupatzailea da. Guardia Civilarekin batera euskal herritarrak jazartzen dituena”. Ospakoek ez dute “inolako errekanbiorik onartuko. Polizia integralaren proiektuak ez du, inondik inora errepresioa eteteko laguntzarik ekartzen”. Eta Foruzaingoaren “errepresio izaera” nabarmendu dute, hainbat adibide emanez.

Errepresioaren kontrako mugimendutik gaztigatu dutenez, “bertakoak edo kanpokoak, gauza bera dira”. Gaineratu dutenez, “Guardia Civilarekin batera mekanismo bateratu bat osatzen du, horiek joaterakoan, errepresio inguruko eztabaida eta aldaketa sakonen ezean, Euskal Herri langilearen kontrako errepresioari gogoekin ekinez. Sistema kapitalistaren defentsa da haien helburua. Euskal Herria okupatzen duen Estatu Espainolaren defentsa”.

Erlazionatuak