Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko auziko epaia eman zuela urtebete bete zen igandean. 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri zieten 8 auzipetuei. Desordena publikoak egotzi zizkieten eta terrorismo delitua baztertu zuten. Handik lau egunetara, herenegungo egunarekin, epaileek “ihes egiteko arriskua” argudiatu zuten eta Guardia Civilari Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen atxilotzeko agindua eman zien. Aratz Ordizian ikasten ari zen zentroa atxilotu zuten, Jon Ander eta Julen etxean. Iñakik errugabea zela iritzita bere burua entregatu zuen. Sarekada horretarako, 88 agente eta 27 ibilgailu izan ziren Altsasun.
Beraz, laukoteak 2016ko udazkenean preso egondako 35 egunak batuz gero 402 egun egin ditu preso. Auzi beragatik preso dauden Adurrek, Jokinek eta Oihanek, berriz, gaur 936 egun egin dituzte espetxean. Epaiak lehenik eta ondorengo atxiloketek erreakzio ugari sortu zituzten, guztiak Iruñean bat egin zutenak garagarrilaren 16an, Ez da justizia, Altsasukoak aske lelopean 80.000 pertsona manifestazioan batzean.
Gurasoak
Ostiraleko azken kontzentrazioetan gurasoek bilkurekin segitzeko zalantzak izan zituztela azaldu dute. Baina herritarren babesa duten bitartean segitzeko prest daudela gaineratu zuten pasa den ostiralean. Are gehiago, ziurtatu zutenez herriak ematen dien babesarekin alderdi politikoengana joko dute berriro ere, hauteskundeak pasa berritan, haien aldeko jarrera eskatzeko. Aldi berean, auziari buruzko argibideak ematen segitzen dute han eta hemen emandako hitzaldietan, batez ere, Katalunia aldean, baina ez soilik han. Bitartean, ohi bezala, gaur, 20:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioak egiten segituko dute.