Zertara bideratuko ditu udalak 40.000 euro?

Guaixe 2019ko eka. 12a, 08:51
Altsasuko udaletxea Egubera kaletik.

Altsasuarrek gaurtik garilaren 18ra arte proposamenak egiteko aukera dute eta proposamenetako baten alde egiteko bozketa garilaren 17tik 31ra izanen da.

Altsasuko Udalak bigarren urtez parte-hartze aurrekontuak jarri ditu martxan. Ekimen horren bidez altsasuarrek udalaren eskumenekoak diren arloetan 40.000 euro zertara bideratu erabaki beharko dute. Udalak, lehenengo eta behin, proposamenak jasotzeko epea zabaldu du gaur. Udaletxean edo www.altsasu.eus web orrian dauden inprimakietan aurkeztu behar da proposamena (titulua eta, gehienez, 500 hitzezko memoria edo azalpena, irudiz lagunduta nahi bada).

Behin epea despedituta, udaleko Parte-hartze Batzordeak 40.000 eurorekin egin daitezkeen inbertsioak zein diren eta deialdiko oinarriekin bat egiten duten aztertuko du. Diru kopuru horrekin egin daitezken proposamenen artean aukeratu beharko dute altsasuarrek. Herri bozketa hori garilaren 17tik 31ra izanen da, biak barne. Boto kutxak udaletxean eta Iortia kultur guneko ezkaratzean izanen dira. Web bidez boto emateko aukera ere izanen da. Boto gehien lortzen dituen proposamena izanen da udalak aurrera eramanen duena. Berdinketa kasuan aipatu batzordeak erabakiko du.

Botoa 16 urtetik gorako edozein altsasuarrek emateko aukera izanen dute. Hiru proposamen aukeratu ditzakete eta gogokoen dutenari 3 puntu eman eta 2 eta 1 puntu hain gogoko ez dituztenei. Aukeratutako proposamena urtea despeditu aurretik gauzatuko du udalak. Bigarren urtea da Altsasuko Udalak diru poltsa baten erabilera herritarrek erabakitzea uzten duena. Pasa den urtean altsasuarrek finkoa ez den karpa bat erostearen alde egin zuten.