San Joan, bezpera eta egunean jai

Guaixe 2019ko eka. 21a, 14:02
Foru plaza jangela bihurtuko da.

Altsasuarrek udako solstizioa edo San Joan ospatzeko bi egun hartzen dituzte, domeka eta astelehena.

Domeka iluntzean herriko karriketan hainbat su piztuko dituzte gainean salto egiteko eta afari-merienda prestatzeko. Altsasuko Udalak herritarrei gogorarazi die kaleetako zorua ez hondatzeko suaren oinarrian hareazko kapa lodi bat egon behar duela (5 cm baino lodiagoa bada hobe). Udalak harea bederatzi tokietan utzi du eta handik jaso dezakete altsasuarrek: Pilotajauku, Amandrea (hilerria), Zubeztia, Zelai (Caixa zegoen tokia eta sutegia), Intxaurrondo (Eroski), Idertzagain (Xagu), Amaia (errotonda), Zumalakarregi eta Iortia (kultur gunea).

Domekako gaua askori asko luzatuko zaie. Batzuk etxeetan abardiak jartzeko baliatuko dute. Hala, maite den pertsonari lizar adarra jartzen zaio, loreekin apainduta batzuetan. Gustuko ez den pertsonei, berriz, makala jartzen diete. Abardien ohitura gorde eta sustatzeko, Altsasuko Udala  lehiaketa antolatzen ari da azken urteetan. Udaletik gaztigatu dutenez, naturako materialik baliatu gabe, materialak berrerabiliz ere abardia presta daiteke. Jarritako abardiaren argazkia hilaren 26rako aurkeztu beharko da iortia@altsasu.net e-posta helbidera. Saria festetako herri bazkarirako lau txartel bikoitz izanen dira. Astelehena argitzearekin batera, bestalde, iratzeak moztera joanen dira hainbat, ondoren etxe atariak iratze alfonbrez edertuko dituzte.

Egubera taldeak udako solstizioa ospatzeko, domekan, 19:30ean, Foru plazan sua piztuko du. Dantzariak, Zangitu fanfarrea, Kukuerreka kantu-poteo taldea eta bertsolariak izanen dira. Auzatea eskainiko dute.

Egitaraua
Garagarrilak 23, domeka
17:00etan Etxajua San Joan plazan, trikitilariek lagunduta. Levelibunar taldearen Portamundos zirku ikuskizuna eta haurrendako sorpresak, San Joan kalean.
17:30ean Musika Eskolako batukada San Joan plazaraino.
18:30ean Txokolate-jana, Roberto Urrutia eta bere mariatxiak taldeak girotuta.
19:30ean Udalbatza, Altsasuko txistulariekin batera, udaletxetik San Joan ermitara abiatuko da.
    Udako solstizioa ospatzeko festa, Foru plazan. Egubera taldeak antolatuta.
20:00etan Auzatea.
20:30ean Festaren hasiera: San Joango ermitan sua piztea.
    Herriko suak pizteko etxaju iragarlea. Kalejira eta auzatea Foru plazaraino.
21:30ean Beti Jai fanfarreak eta Txorongo txarangak suak dauden kaleak girotuko dituzte gauean zehar.
23:00etatik 02:00etara Dantzaldia Digital Trio taldearekin, San Joan kalean.

Garagarrilak 24, astelehena
20:00etan Zortzikoa Altsasuko txistulariekin eta auzatea, Foru plazan.
22:30ean Dantzaldia Haize Berriak bandarekin, Foru plazan.