Osparen deialdi bikoitza

Guaixe 2019ko eka. 21a, 11:37
Ospak agerraldi jendetsua egin zuen biharko hitzorduak aurkezteko.

Larunbatean, 12:00etan, autonomietako polizia indarren inguruko mahai ingurua Iortia kultur gunean eta, 19:00etan, Foru plazatik abiatuko den manifestazioa antolatu ditu.

Errepresioaren kontrako mugimenduak “autonomietako polizia indarren errepresio izaeraren inguruan hausnartzeko” mahai-ingurua antolatu du. Hitza hartuko dute Hodei Ijurko preso ohi etxarriarra, Ospa mugimenduko eta Iñigo Cabacas plataformako kide banak eta Kataluniako ezker independentistako ordezkaria. Iortia kultur gunean jarri dute hitzordua, 12:00etan. Mahai-inguruaren helburua da “polizia integralak Euskal Herriko okupazioan eta errepresioan beteriko papera aztertzea, eta gizartean betetzen duten funtzioaren inguruan hausnartzea”.

Bestalde, 19:00etan, berriz, Isunak, kontrol soziala… errepresioa. Noiz arte Foruzaingoa leloa duen manifestazioa eginen da. Azken protesta horrekin Ospa mugimenduko kideek “Foruzaingoaren errepresio zurrunbiloari akabera” eman nahi diote. Udalak eta Foruzaingoak sinatutako hitzarmenaren “eragina” salatuko dute. Mugimenduko kideen iritziz, Foruzaingoa “errepresio indar okupatzailea da. Guardia Civilarekin batera euskal herritarrak jazartzen dituena”. Ospako kideek prestatu duten egun osoko egitarauan parte hartzera gonbidatu dute.  

Erlazionatuak