Jarduneko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak eta jarduneko Gizarte Inklusio eta Babeserako zuzendari orokor Gema Mañuk Altsasuko etxegabeen aterpe berria bisitatu zuten pasan den astelehenean. Haiekin batera izan ziren Javier Ollo Martinez alkatea eta Javier Paz Mino Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko presidentea izan zituzten aldamenean. Udalak 108.661 euroko (BEZ kanpo) inbertsioa egin du gobernuak utzitako kamineroen edo bidezainen etxeetako batean aterpea egokitzeko. Nafarroako Gobernuak lanak egiteko 50.000 euroko diru-laguntza eman zuen. Hura janztea besterik ez da falta orain.
Altsasuko Udalaren etxegabeen aterpea 1990ean zabaldu zen. Anaia Txiki Kaputxinoen Ordeneko komentuko okindegi-ikuztegi zaharreko behe pisuan kokatuta dago. 55 metro karratuko azalera du eta lekuaren jabeak Kaputxinoak dira, baina horren erabilera Altsasuko Udalaren eskuetara pasa zuten, eta azken horrek Batuta Sakana izeneko entitatearekin sinatutako kanpoko kontratuaren bidez, kudeatzen du. Egungo aterpeak egitura eskasa eta baldintza txarrak ditu.
Aterpe berria
84,85 metro karratuko azalera izanen du. Bi gelatan banatuta, zortzi pertsonarendako tokia izanen du. Bi komun, erabilera anitzeko gela, sukaldea, garbitoki-biltegia, zaintzaileen gela eta ezkaratza izanen ditu. Egokitzapen lan horiez aparte arkitektura-oztopoak kenduko dituzte eta teilatua berritu. Maria Pilar Bakaikoa arkitektoaren proiektua da. Kudeatzaileek arreta zein aholkularitza zerbitzua, ostatu-gaua, afaria, gosaria eta komunak eskaintzen dituzte. Nafarroako Gobernuak funtzionamendurako 14.282.28 euroko diru-laguntza emanen dio udalari.
2018ko datuak
408 erabiltzaile.
306 gau bakarra egin zuten.
102k errepikatu egin zuten.
% 96 Gizonezkoak.
% 4 Emakumezkoak.