Altsasuko auzia salatu eta preso dauden zazpi altsasuarren askatasuna aldarrikatzeko ostiralero, 20:00etan, ordu erdiko kontzentrazioa egiten da udaletxe parean. Astero astero kanpoko bisitariak izaten dira. Kataluniarrak askotan. Baina estatu guztikoak izan dira. Gaur Beiruteko Shatilako errefuxiatuen kanpalekutik Basket Beats Borders proiektuko 14 gazte palestinar eta libiar etorriko dira elkartasuna adieraztera. Horregatik, Altsasukoak Aske plataformatik “kontzentrazio berezi” horretan parte hartzeko gonbidapena egin dute, “elkartasun-besarkada ederra izanen da”.