Altsasuko Udalak herriko dendariak bilera batera gonbidatu zituen 1994ko ilbeltzaren 21erako. Ehun bat pertsona bildu ziren eta Jose Manuel Goikoetxea alkatearen, Yolanda Jugo Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako teknikariaren eta Cederna-Garalurreko agente Susana Mendinuetaren azalpenak entzun zituzten. Azken bi erakunde horiek izan ziren hasierako ikerketa egin zutenak. Bileraren ondorioa izan zen Altsasuko merkataritza batu eta ordezkatuko duen elkarte bat sortzea, sektorearen arazoak aztertu eta berriz indartzeko. Bileran 11 pertsonaz osatutako behin-behineko batzorde bat osatu zen, astelehenero bilduko zena.
Bilerek fruitua eman zuten eta martxoaren 21ean egindako bileran 70 bat dendarik ADE sortzea erabaki zuten. Bakoitzak hilero 3.000 pezeta (18,03 euro) ordainduko zuen. Hurrengo urteko ilbeltzean zuzendaritza batzordea berritu arte elkarteko buru Alonso Asensio izanen zela erabaki zuten. Lehendakariordea Luis Garde zen, Puy Senar idazkaria, Jose Manuel Ribas diruzaina eta zazpi bokal zeuden: Mª Carmen Lopetegi, Mª Luisa Zufiaurre, Javier Vicente, Gerardo Mazkiaran, Eladio Merchan, Gorka Garcia eta Eduardo Alvaro. ADEko kideek hurrengo pausoak emateko aurreneko bilera deitu zuten, hiru erakundeen laguntza espero zuten. Herriko merkataritza eskaintza antolatzeko proposamenak egiteko Nafarroako Gobernuaren programa bat martxan jarri nahi zuten, haren bidez dendendako laguntzak lortzea espero zuten.
ADEk bere estatutuak 1994ko apirilaren 22an aurkeztu zizkion Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari. 63 dendari ziren, denden erdia, baina salmenten eta fakturazioaren % 80 ziren. Estatutuak aurretik zegoen elkartearenaren oso antzekoak ziren. Haren xedeak dira, aurrena, administrazio publikoen aurrean merkatariak ordezkatzea, elkartearekin eta kideekin lotutako gaietan. Bestetik, lurraldeko organo pribatuen eta publikoen aurrean merkatarien interesak eta jomugak bere gain hartzea. Gainera, iritzi publikoaren aurrean merkatarien irudia defendatzeko sortu zen ADE. Merkatarien kohesioa eta euren interesen arbitratzea bermatzeko, merkatarien arteko loturarako eta kooperaziorako tresnak eskaintzea. Kide direnen informazio, prestakuntza, ikerketa eta hobekuntza beharrak asetzea, zuzenean edo zeharka. ADEren beste xedeetako bat da bere eremuan merkataritza eta ostalaritza sustatzea. Aldi berean, elkartasuna sustatu eta asistentziako zerbitzu komunak sortu eta sustatzeko xedea du merkatari kideen artean. Atzena, ospe profesionala bermatzea, legez kontrako lehiakortasuna eta lehiakortasun espekulatiboa eragotziz.
Leloa
Irurtzun eta Agurain artean Altsasu merkataritza gune gisa berriz sustatzeko ADEk Altsasu, urrutiago joan gabe leloa aukeratu zuen. Elkarteak 7 milioi euro pezetako (42.070,85 euro) aurrekontua izan zuen aurreneko urtean, erdia Nafarroako Gobernuak emana. Aurrekontuaren zati bat 32 orrialdeko aldizkari baten 4.000 ale argitaratzeko izan zen, San Pedrotarako kalean zegoen. Altsasuko festetarako eta udazkenerako kanpainak aurreikusi zituzten, baita eguberrietarako ere, aurreko biak baino indartsuagoa izanen zena. Aurreneko urtean dagoeneko prestakuntza saioak aurreikusten zituzten: informatika eta denden kudeaketa integrala. Udalak, bestalde, aparkalekuen gaia eta Zumalakarregi plaza-Iortia, San Juan eta Gartzia Ximenez-Zelai hiru merkataritza guneen seinaleztapena hobetzeko konpromisoa hartu zuen. Elkartekideei eta dendariei guztiaren berri zehatz emateko maiatzaren 25erako bilera deitu zuen zuzendaritzak.
ADEk logotipoa behar zuen eta horretarako lehiaketa antolatu zuen. 43 lan aurkeztu ziren eta irailaren 10ean jakinarazi zuten zein zen haien irudia: hiru marra dituen etiketa bat zen; marra bakoitzak Iruñea, Gasteiz eta Donostiarako errepideak islatzen zituzten eta puntu batean bat egiten zuten, Altsasun. Logotipoaren egilea Ana Erbiti Ortiz gasteiztarra izan zen eta 25.000 pezetako (150,25 euro) saria eskuratu zuen.