Aldamio jantzia Basaluzeko dorrearendako

Guaixe 2019ko uzt. 7a, 12:56

Basaluzeko dorrea metalez inguratuta dago.

Hasi dira telegrafo optikoa hartu zuen dorrea zaharberritzeko lanak, eta urte bukaerarako despeditzea espero dute.

Joan den astetik bargara begiratzen duten altsasuarrek Basaluzeko dorrea, gaztelua, aldamioz inguratuta dagoela ikusiko dute. Construcciones Leache enpresako langileek jarri zuten metalezko egitura. Haien bidez langileek hormak sendotzeko lanak eginen dituzte, kanpoan eta barruan. Dagoeneko eraikin barruko lurra eta landaretza kendu dute eta zuloa egin dute, beheko solairuan porlan plantxa zabalduko dute eta haren gainean adreilu zaharra jarriko dutelako. Behe solairua eginda, lehenengo eta bigarren solairuetako egitura eta zola haritz-egurrekoak izanen dira. Teilatuaren egitura ere egurrezkoa izanen da, laua, baina gainean kareharri lauzak jarriko dituzte. Goian zegoen seinale komunikazio sistema ez dute jarriko.

Sarbideko atea, lehen solairuko hiru leihoak eta bigarren solairuko laurak, eta azken zazpi horien kontraleihoak haritz egurrezkoak izanen dira. Beheko solairuko hamabi gezileihoak ez dira itxiko, aireztatze egokia bermatzeko. Hala ere, haietan altzairuzko pieza bana eta altzairuzko sare bihurritua jarriko dira, hegaztiak dorrera sar ez daitezen. Tximistorratza ere jarriko dute. Guztira 111 m2-ko azalera erabilgarria izanen du dorreak.

Erabileraz
Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeko Historia-Ondarea Zerbitzuko zuzendari Carlos Martinez Alavak azaldu digunez, lanek 226.179,84 euroko aurrekontua dute (BEZ barne) eta urte akaberarako lanak despeditzea espero dute. Argitu dutenez, arkeologo batek lanen jarraipena eginen badu ere, ez dute ezer berezirik opatzea espero.

Lanak despedituta dorreak izan dezakeen erabileraz galdetuta, Martinezek argitu digunez, “guk zaharberritzea egiten dugu, baina dorrearen jabea Altsasuko Udala da. Tafallan halako dorre bat biziberritu dugu eta hango udalarekin hitzarmena egin dugu. Horren arabera udala dorrearen difusioaz arduratuko da. Panelak jarriko ditu eraikina zer den azalduz, zertarako eraiki zen eta historia testuingurua emateko. Horretaz aparte, bisitak hartu edo ibilbideen barruan sartu daiteke”. Legegintzaldi aldaketagatik Altsasuko Udalarekin hitzarmena itxi gabe dagoela esan digu Martinezek.

Dorreaz
Madril eta Irun lotzen zuten telegrafo optikoko sarea osatzen zuten 52 dorretako bat da Basaluzekoa. Sakanan beste bi zeuden, Ziordian, Iturbedeinkatutik mendebaldera, Basaluzeko dorretik 4.696 m-ra. Beste dorrea Altsasuko Egubera dermioan zegoen, Basaluzeko dorretik 4.696 m-ra. Biak hondatuta daude. Dorreak 1844an hasi ziren eraikitzen eta 1846ko lastailaren 2an jarri zuten martxan. Baina telegrafo elektrikoaren sorrerarekin 1855ean dorreak erabiltzeari utzi zioten. Utzita gelditu, eta hondatu egin ziren.