25 urte Altsasuren esentzia biltzen

Guaixe 2019ko uzt. 8a, 14:00

'Altsasuko Sustraiak' Jose Ulibarrenaren eskultura gaur egun.

'Altsasuko Sustraiak' Ulibarrenaren eskultura jarri zutela 25 urte bete ziren San Joan bezpera egunean. Foru plazan zegoen intxaurrondoaren zurarekin egin zuten. Zuhaitza herriko sinboloa zen, eta Altsasuko eskultura sinbolo bihurtu da

1994eko San Joan bezperan mustu zuten Altsasuko Sustraiak eskultura. Duela 25 urte. Altsasu irudikatzen duen eskultura Foru plazan zegoen intxaurrondoaren zurarekin egin zuen Jose Ulibarrena eskultoreak. Altsasuarren artean oso estimatua da eskultura, are gehiago, denborari aurre egin dio eta etsai bakar bat izan du: klimatologia. Izan ere, urte hauetan jasandako kalteak euriak, eguzkiak eta abarrek sortu dituzte. Hortaz, 2018. urtean eskulturaren egoera oso "larria" zen, eta eraberritzeko prozesua martxan jarri zuten. Elur Ulibarrena zaharberritzailea eta eskultorearen alaba izan zen eraberritzearen proiektuaren zuzendaria, eta eskultura orain "bikain" dagoela esan du.
 
"Nik nabarmenduko nuke zer nolako indarra duen". Altsasuren bizitzaren eta historiaren pasarteak kontatzen ditu Foru plazan dagoen eskulturak. "Esentzia eta sustraiak". 1991an Foru plazan zegoen intxaurrondoa egoera larrian zegoen, hilda zegoen, eta moztu zuten. Zuhaitza oso maitatua zen herria, sinbolo bat zen. "Bai aitak bai nik badakigu zer nolako garrantzia zeukan zuhaitzak, baita gaur egun eskulturak duen garrantzia ere". Ulibarrenak Enrike Zelaiaren eta herritar talde baten proposamena jaso zuen, eta altsasuar hauek zuhaitzari buruz hitz egiten transmititu zuten "hain handia eta indartsua" zen, eskultoreak hori islatu zuela eskulturan. "Niretako oso garrantzitsua da hori transmititzea".

Plazako intxaurrondoa sinbolo bat zen, eta orain Altsasuko Sustraiak sinbolo bihurtu da ere. Are gehiago Altsasuko auziaren harira antolatutako manifestazioetarako irudi bezala hartu zutenetik, Altsasuko eskultura Altsasuren irudia bihurtu da. Izan ere, Altsasuko eskulturak Altsasu den guztia islatzen du. 38 irudiz osatuta dago, "figura bakoitza eskultura bat da", eta figura horiek bi eskultura osatzen dituzte. Eskultura handian, Altsasuko identitatearen esentzia islatzen da 28 irudiren bidez: Burundako mendiak eta basoak, nekazaria, artzaina eta trenbidea, musika, kobazuloak, emakumea, erremontaria eta abar. Eskultura txikia hamar figurek osatzen dute eta Altsasuko inauteriak islatzen ditu. "Altsasu da; izan zena, gaur egun dena eta gehiago".

Ezer ez da betiko
"Garrantzia dauka ahaztu behar ez duguna. Nondik gatozen". Elur Ulibarrenak eskulturaren eraberritzearen zuzendaria izan da. Iaz hasi zuten prozesua auzolanaren bidez. Kanpoan egoteak kalte handia egin dio eskulturari. Hala ere, klimatologiaren elementuek sortu ditu kalte gehienak. 25 urtez oso gutxi izan dira izan dituen erasoak. "Kontziente gara eskultura oso estimatua eta maitatua dela, zuhaitza izan zen bezala".

Egurra materia organikoa denez, pixkanaka "hilko" dela esan du Ulibarrenak. Jose Ulibarrenak duela 25 urte eskultura egin zuenean kontserbatzeko hainbat pauta utzi zituen idatzita, eta lehenengo bost urtetan bete zirela esan du bere alabak. Hala ere, "garai horretan zeuden zaharberritzeko materialak eta gaur egungoak aldatu dira". Hortaz, linaza-olioa botatzea proposatu zuen eskultoreak, eta gerora jakin da ez dela gomendagarriena.

Pixkanaka eskulturaren kolorea galdu zen eta egurra zimurtzen hasi zen. Are gehiago, barrualdea hutsik zegoen, enborraren azala baino ez zen gelditzen. Berandu baino lehen Elur Ulibarrenak eraberritzeko proposamena aurkeztu zuen eta udalak 16.000 euro bideratu zituen eskultura tratatzeko.  Iaz prozesuarekin hasi ziren. Eskultura garbitu, tratatu, barrualdea bete, falta ziren piezak jarri eta koloreztatu zuten. Oraindik prozesua ez dela amaitu esan du Elur Ulibarrenak, eta datozen astetan andamioak jarriko dituzte berriz berniz kapa pare bat botatzeko.


Eskultura 2018ean, eraberritze prozesuarekin hasi aurretik.

"Baina kontziente izan behar gara, orain bere modu onenean dagoela, ez dela betirako izango. Ezin dugu zerbait betirako kontserbatu". Artelan guztiekin gertatzen dela esan du zaharberritzaileak. Horregatik, proposamen bat dauka Ulibarrenak: "gaur egungo materialekin eta teknikarekin puntuak hartu eta 3Dan eskaneatu eta informazio hori gorde etorkizunean eskultura berri bat, kopia bat, egin ahal izateko". Izan ere, zaharberritzaileak dionaren arabera, gaur egungo belaunaldiek zuhaitza maite eta gogoan dute oraindik, baina belaunaldi berriek eskultura bakarrik ezagutzen dute. Eskulturak dioena eta sinbologia. "Esanahia da garrantzitsuena, eta hori mantendu behar dugu".

Eskulturak 25 urte betetzen dituen urte honetan Altsasuko udalak informazio panel bat jarriko du eskulturaren sortzen prozesua, intxaurrondoaren historia eta eskulturaren esanahia azaltzen duena.