Altsasuko auzia salatzeko eta preso dauden zazpi auzipetuak aske uzteko kontzentrazioa egiten da 20:00etan udaletxe parean ostiralero. Haietan estatuko eta Europako hainbat lurraldetako ordezkariak izan dira. Ostiraleko elkartasun keinua gurasoendako eta altsasuarrendako berezia izan zen: 15 egunez Euskal Herrian dauden Palestinako saskibaloi talde bateko 11 kideak eta haiekin batera doazen sei laguntzaileak presente egon ziren.
Palestinako banderak mugituz egon ziren kontzentrazioko lehen lerroan. Akaberan, gurasoen ordezkarien ondoren hitza hartu zuten. Euren lurraldean espetxea zer den ezagutzen dutela gaztigatu eta altsasuar presoen askatasuna aldarrikatu zuten. Despeditzeko bilkuran parte hartu zuten guztiei kantu bat eskaini zieten. Ondoren, gurasoekin batera, opari trukea egin zuten eta Baratzekobide plazan dagoen eta Palestinarekin elkartasuna adierazten duen olibondoan talde argazkia egin zuten.
Palestinarrez
Shatilako errefuxiatuen eremua 1949an sortu zen Beiruten, Libanon. Palestinatik eta Israelgo indar sionistengandik iheska ari ziren 3.000 pertsona jaso zituen hasieran. Gaur egun, Siriatik iheska ari diren milaka errefuxiaturekin batera, 25.000 pertsona bizi dira km karratu bakarrean. Askotan edateko urik eta elektrizitaterik ez dute, eta elkartzeko edota jolasteko leku egokirik ere ez dute.
adji kapitain palestinar errefuxiatuak Real Palestine Youth F.C sortu zuen. Halako giroan, kirolaren bidez nerabeei bizimodu osasungarri eta positiboa eskaini nahi diete. Aldi berean, beraien bizitza kontrolatzeko eta arazo sozialen aurrean begirada kritikoa izateko, gaitasunak eta estrategiak garatzeko aukera jasotzen dute. Altsasun egondako ordezkaritza Shatilan jaitako 15 eta 20 urte arteko 11 neskak osatzen dute, eta saskibaloira jolastuz beraiendako esparru propioa bereganatzea lortu dute.
Basket Beat Borders proiektua Erroman eta Beiruten sortu zen 2017an. Aurten, antolatzen den hirugarren aldia da. 2017ko maiatzean Real Palestine Youth F.C. taldeko neskek saskibaloira jokatzeko astebetez Shatilatik ateratzeko aukera izan zuten. 2018ko garagarrilean neskak Erromara bueltatu ziren kantxan beraien gaitasunak erakusteko eta entzunak izateko. Hirugarren irteera Euskal Herrira egin dute.
Bestalde, Altsasuko auzia salatu eta auzipetu presoak askatzeko eskatuz, Iruñeko Errekoletak plazan, kontzentrazioa eginen da larunbatean, 13:00etan. Ostiralean, ohi den moduan, 20:00etan udaletxe parean izanen da hitzordua.