Larunbatean Iruñera

Erabiltzailearen aurpegia Altsasu Gurasoak-en izenean Antxon Ramirez de Alda, Igone Goikoetxea eta Koldo Arnanz 2019ko uzt. 11a, 19:35

Beste behin ere, Altsasuko auziko injustizia ozen salatu nahi dugu.

Baliteke jadanik ia dena esanda egotea, bai, baina ez dugu amore ematen. Ezin dugu gazte batzuei, haien familiei eta herriari ezarritako zigorra besterik gabe onartu. Injustizia izugarri hau gogoratu eta salatu beharra daukagu. Sekulako babesa, ulergarritasuna eta konpromiso soziala bizitzeko aukera eduki dugu; hala nola, iritzi artikuluak, dokumentalak, liburua, adierazpenak, baita animoak eta eguneroko besarkadak ere; elkartasun uholdea. Hala eta guztiz ere, egunero gure semeen oheak hutsik ikusten ditugu, jaietan eta egunerokoan haien falta somatzen dugu, ikasturtea amaitu eta haien lagunek etorkizunerako planak egiten dituzte…

Beste gizatalde batekoak ere (epaileak, politikariak, kazetariak…) nor bere kargu, erabaki zein ardurarekin, haien “merezitako” oporren zain imajinatzen ditugu.

Gure barneko min honetatik Jokinek, Oihanek, Adurrek, Iñakik, Aratzek, Jonanek, Julenek eta Ainarak bizi duten egoera injustua gogorarazi nahi diegu eta horrelako egoera batek eskatzen duen arduraz jokatzeko deia egiten diegu.

Beste behin ere, Koxka tabernako liskarrarekin helburu politikoak lortzeko muntaia egin izana salatzen dugu. Gure seme-alabak zigortu egin dituzte, behin-behinean espetxeratu, zigorra handitzeko larrigarriak gehitu; oinarrizko giza eskubideak zalantzan jarri dituen dinamika politiko-judizial eraman dute.

Aipatutako guztiagatik, gure haserrea elkartasunezko herri mobilizazioaren bidez azaleratu nahi dugu, alaitasuna oinarri duten data eta lekuetan. Gure seme-alabei gaztaroan bizi ohi dena ukatzen ari baitzaizkie: parrandaz, dantzaz, konpartitutako sexualitatea zein aldarrikapenaz disfrutatzeko eskubidea.

Horrela bada, #AltsasukoakASKE plataformak hilak 13 larunbaterako 13:00etan Iruñeko Baratxuri plazan deitu duen kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Berriro ere duintasunaren argazkia erakutsiko dugu. Bertan ikusiko gara!